Emakume langileen egoera "lehen lerrora" eramateko hiru ekitaldi antolatu ditu Emakumeen Mahaiak

Uztarria.eus | Gizartea
2017ko mai. 9a, 12:13

'Historiarako emakumeak' zikloaren barruan, Dolores Ibarruri ezagutzeko solasaldia eskainiko dute gaur, Emakumeen Txokoan. Ostegunean ardo dastaketa eta upategi bateko arduraduna den emakume baten esperientzia ezagutzeko parada izango da, eta hilaren 18an En transito dokumentala emango dute Soreasun. 

Dolores Ibarruri ezagutzeko solasaldia izango da gaur.  Ikusi haundiago | Argazki originala

Langileen Nazioarteko Egunaren, maiatzaren 1aren harira, hainbat ekitaldi antolatu ditu Emakumeen Mahaiak datozen egunetarako. Antolatu dituzten jardueren helburua da, emakume langileen egoera "lehen lerrora" eramatea. 

"Langileen eskubideen aldarrikapena bateratzen duen egun honen harira, emakumeek ere enplegu eta bizitza duin bezain justua izateko eskubidea dutela aipatzea dagokigu", azaldu du Emakumeen Mahaiak. Emakumeak "lan produktibo zein erreroduktiboari lotzen" direla esan dute, baina "mereziko luketen onarpen sozialetik urrun," ibilbide gogor eta zailak aurrera eramatera "behartuak" izaten direla azpimarratu dute.

Emakumeen Txokoak adierazi duenez, "onarpena eta errekonozimendua ezagutzatik abiatzen dira, eta honen jakitun garenez, hiru egoera edo ikuspegi ezberdin lehen lerrora ekarriko ditugu". Horretarako hiru ekitaldi antolatu dituzte, eta gaur, asteartea, izango da aurrena. 

Egoera ezberdinak argitara

'Historiarako emakumeak' zikloaren barruan, Dolores Ibarruri ezagutzeko solasaldia eskainiko dute gaur. Bertan Ibarruriren borrokak, pentsamenduak eta utzitako oinordetza sakonago ezagutzeko aukera izango da. Hitzaldia 18:30ean hasiko da, Emakumeen Txokoan, eta antolatzaileek 20:00etarako amaitzea aurreikusten dute. 

Hurrengo hitzordua maiatzaren 12rako jarri dute, eta ardo dastaketa eta upategi bateko arduraduna den emakume baten solasaldia izango da, 19:00etan hasita. "Gizonen lanbide moduan hartu izan da upategietako mundua; emakumeek egin behar izan duten ibilbidea, topatu dituzten baldintzak eta horien aurrean erabili dituzten estrategiak gertutik ezagutuko ditugu", aurreratu dute.

Maiatzaren 18an, berriz, zine emanaldia eskainiko dute Soreasu antzokian, Paradisu Zinema Zineklubarekin elkarlanean. '"Dokumentalaren emanaldiarekin, berriz, zaintza kate globalaren parte diren latinoamerikar emakumeen errealitatera gerturatuko gara: itsasoa zeharkatu eta Europara etorrita, zaintza lanetan aritzen dira; beraien familia beste emakume batzuen zaintzapean uzten dute sorterrian, eta seme-alaba horiekin duten harremana, bizi behar duten nazioz gaindiko egoeraren ondorioa da. Dokumentalean, gertuko bezain ezkutuko errealitate honen berri izango dugu" adierazi dute. 21:00etan hasita emango dute ikus-entzunezkoa.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu