Nire leihotik

Eneritz Albizu Lizaso (Hitzartuko lehendakari ohia) 2017ko mai. 5a, 13:46

Igandean, Urola Kostako zortzi herritan herri galdeketak egingo dituztela eta, honako iritzi artikulua plazaratu du Eneritz Albizu Lizasok Urola Kostako Hitza-n.

Ia urtebete igaro da, eta ez dit eman denborarik leihoa guztiz ixteko. Ziur aski, itxi nahi ez dudalako izango da. Oraindik zirrikitu bat badu nire etxeko leihoak, eta bertatik ikusten dut eskualdeko gainontzeko udalerrietan egiten, bizitzen eta sentitzen ari zaretena. Zintzoa izango naiz, eta esango dizuet inbidiaz begiratzen dizuedala, eta inbidiaz usaintzen dudala inguruko etxeetan kozinatzen ari zaretena.

Gure hastapenez pentsatzen hasten naizenean, Xabi eta Laxaro datozkit burura. Astearte iluntze batez gelditu ginen plazako taberna batean. Xabi eta biok azaldu genion Laxarori herri galdeketa bat egin nahi genuela Azpeitian, eta gure taldean nahi genuela bera ere. Ez genuen ezer askorik kontatzeko, oraindik ireki gabe genuen gure leihoa, eta urratsa egin aurretik, handik begiratzeko lagunak aurkitu nahi genituen. Gure azalpenak bukatuta, Laxarok esan zigun: "Nola esango dizuet ezetz zuei, hau honela azalduta?". Eta, halaxe, determinazioa eta indarra eman zigun ondoren bidelagun izango genuen hark.

Apurka-apurka osatu genuen gure familia, Hitzartu; eta bizitzeko modu bilakatu zen. Orduan bai, bagenekien zer eta nola egin nahi genuen, leihoa irekitzeko prest ginen. Horrelaxe izan zen apustua, bideorria marraztea, eta herritarrak gonbidatzea. Halaxe egingo zenuten zeuek ere, Aizarnazabalen, Azkoitian, Errezilen, Getarian, Orion, Zarautzen, Zestoan eta Zumaian.

Seguru nago hilabete gogorrak izan direla hauek, lan izugarri egin duzuela eta haserreak ere izan dituzuela zuen artean. Zaila da lehen urratsa egitea, leihoa irekitzea, jakin gabe zer denborale aurkituko duzun, eta nola utziko dizun etxea. Dena den, ausartu ginen, ausartu zarete, eta ezer-ezerekin ordain ez daitekeen zerbait lortu duzue: herri bat jartzea leiho horretatik begira.

Sortzen garenetik esaten digute nor izan, nola izan eta zergatik izan. Hezkuntza, kultura, usadioak… ia aukeratu gabe datozen gauzak dira, hartu egiten ditugu, oinordetza balira bezala. Horregatik kostatzen zaigu askotan erabakiak hartzea. Zure bizitzan zirt edo zart egitea zaila da askotan, eta zer esanik ez herri bezala egin behar badugu. Ausartze hutsak, beraz, asko esan nahi du herri batez. Orain arte eginiko bideak berak, emaitzak emaitza, geu izateko indarra eta ardura dugula erakusten du.

Igandeko galdeketen azken helburua da euskal estatu burujabe bat eratu nahi ote dugun jakitea eta emaitzak aldarrikatzea. Halere, uste dut emaitza bera bezain garrantzitsuak diren helburuak lortu dituzuela dagoeneko. Desberdinen arteko batura lortu duzue, mahai batean elkarri begira jartzea, eta elkarri entzuten eta hitz egiten ikastea. Lana batera egiten asmatu duzue, bakoitzak bere ekarpenak eginez eta ikuspegi osoago bat sortuz. Lortu duzue hainbat sare eta esparrutara iristea, eta inoiz elkarri begiratu ere egin ez dioten pertsonak gai beraren inguruan, adostasunez, eroso sentitzea. Familietan, kuadrilletan, kalean, gai bat konpartitzea lortu duzue, eta gauzak gure kabuz egin ditzakegula sinistea ere bai. Ez ote da hori oso emaitza ona? Nork esan dezake parte-hartze kopurua soilik izango dela zuen lanaren termometroa?

Herri bat egiten ari gara, burujabe edo independentea izan edo ez. Herritarrek sinistu dugu badugula gaitasuna eta boterea lanerako, eta gai garela baliabideak sortzeko, inoren zain egon gabe. Asko sufritu eta gozatu duen herri bat dugu oinpean, eta benetan behar genuen elkarri begiratzeko leihoa. Horregatik ez dut nik leiho hori itxi, uste dudalako hau ez dela hemen bukatzen, eta sortu dugun giro berezi honek asko duela oraindik emateko; guk asko dugu emateko. Igandean zuei begira egongo naiz nire leihotik; gozatu egunaz, aukeraz eta sentipenez.