Jabier Lazkano: "Larrutu egin gintuzten aztarnategi bat topatzeagatik futbol zelaian"

Berria 2017ko api. 30a, 18:47
Jabier Lazkano Erlaitz koban. (Hitza)

Igandeetan lurrera edo lur azpira begira ibili da Lazkano azpeitiarra 40 urtez. Inoiz kobratu gabe, amateur, zale, baina hutsik egin gabe ibili da Euskal Herriko historiaurreko gizaki eta animalien aztarnarik bikainenetako batzuk topatzen. 'Berria' egunkarian elkarrizketatu dute Lazkano.

Dantzaria, mekanikaria, dendaria… baina, ezer baino luzaroago, arkeologiazalea izan da Jabier Lazkano (Azpeitia, Gipuzkoa, 1948). Ia 100 aztarnategi, arte labarra duten kobazuloak eta beste sekulako aurkikuntzak egin ditu Antxieta arkeologia taldeak mende erdi pasatxoz, eta horietako gehienetan parte hartu du begi zorrotzeko sator nekaezinak.

Dantzaria zinen gaztetan, eta, halere, kobazuloetan eta beste aztarnategietan lau hankatan eta arrastaka ibiltzea erabaki zenuen. Nola hasi zinen arkeologiazale?

Mekanikari hasi nintzen koinatuarekin, eta, gero, motor elektrikoak egiten. Tailerra itxi zenean, mertzeria bat ireki nuen. Egokitu egin behar! 16 urterekin dantzari hasi nintzen, Andoni Arbizuri txistulariarekin. Hura historiaurrea ikertzen zebilen, eta Ekaingo kobazuloa [Deba, Gipuzkoa] aurkitu zuen 1969. urtean, Rafael Rezabalekin. Hark esan zidan arkeologian hasi nahi ote nuen, eta nik, baietz. Orain arte.

Txistu eta dantza taldetik arkeologiara pasatzea horren erraza izatea ulertzeko, orduko giroa aipatu behar da. Orduan euskal kultura dena bat bezala ulertzen zenuten?

Francoren garaian berdin zen txistularia edo arkeologiazalea izatea: euskal kultura zen guztia. Arbizurik horrenbeste maite zuen Euskal Herria, non gauza guztietan sartzen zen. Euskal kulturako gauza bat bazen, Andoni han. Kuartelera hots egiten zion Guardia Zibilak; fitxatua zuten, eta sekulakoak hartu zituen. Kobazuloetara jaistea gure arbasoen bizimodua nolakoa izan zen jakiteko modu bat da, eta hori oso garrantzitsua da. Nondik gatoz? Zergatik margotzen zuten kobazuloetako paretetan? Hipotesiak daude, baina, nire ustez, erlijioarekin du zerikusia, sinesmen batekin. Athleticen elastiko eta banderarekin dabilenak ere erlijio bat du. Erlijioa ez baita elizako kontua, baizik eta talde baten errepresentazioa eta sinboloa; haren atzetik ibiltzen zara. Hori ez da inoiz galduko, elkartu egiten baikaitu.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Berria.eus webgunean.