Joxe Aierberen marka hautsi du Xabier Orbegozo 'Arria V'.ak

Uztarria.eus 2017ko api. 30a, 15:48
Xabier Orbegozo 'Arria V'.a, marka hautsi ostean.

Errezildarrak 2 ordu, 9 minutu eta 27 segundo behar izan ditu 20 kana erdiko enbor ebakitzeko eta 20 kilometro korrika egiteko. Horrenbestez, Aierbek duela 41 urte egindako denbora baino 12 segundo gutxiagotan bukatu ditu lanak Arria V.ak. Guztira, 6.000 euroko saria eskuratu du errezildarrak. 

Gaur, igandea, Joxe Aierbek 1976an Gasteizen egindako marka hautsi du Xabier Orbegozo Arria V.ak. Errezildarrak 2 ordu, 9 minutu eta 27 segundo behar izan ditu 20 kana erdiko enbor ebakitzeko eta 20 kilometro korrika egiteko. Horrenbestez, Aierbek duela 41 urte egindako denbora baino 12 segundo gutxiagotan bukatu ditu lanak Arria V.ak.

Gaurkoan eguraldia faktore garrantzitsua izango zela adierazi zuen errezildarrak joan den astean egindako agerraldian. Aizkoran aritu den bitartean tenperatura egokia izan da. Aizkora lanak 42 minutu eta 10 segundotan amaitu ditu. Korrika hasi denean, ordea, euria hasi da eta tarteka zaparrada mardulak bota ditu. Ondorioz, zezen plazan ur potzuak osatu dira. Hala ere, marka haustea lortu du. Joxe Aierbek kilometroz kilometro egin zituen denboretatik oso hurbil ibili da Arria V.a proba osoan zehar, baina azkenean Aierbek baino 12 segundo gutxiagotan amaitu du marka saiakera errezildarrak.

Arria V.a korrika ari zen bitartean, Aimar Irigoien eta Goenatxo III.a harri jasotzaileek erakustaldia eskaini dute.

Azpeitiko zezen plazan egin du proba errezildarrak, 11:30ean hasita, eta 300 lagun inguru hurbildu da bertara Xabier Orbegozo Arria V.a animatzera. Ikusleen artean urduritasuna nabaritu da Orbegozoren marka saiakera osoan zehar, baina senideen, lagunen eta zezen plazara bertaratu diren herritarren babesik ez zaio falta izan gaurko protagonistari. 

Proba egiteagatik eta Joxe Aierberen marka hausteagatik, guztira, 6.000 euroko diru-saria jaso du Arria V.ak, 3.000 euro marka saiakeragatik eta beste 3.000 marka ontzeagatik. Peru eraikuntza enpresak eman dio sari hori.