Soreasu jendez goraino, Manolo Urbietaren doinuekin jantzitako 'Pupu eta Lore haizearen herrira' ikuskizunarekin

Uztarria.eus 2017ko api. 29a, 20:26

Jendetza hurbildu da gaur, apirilak 30, Soreasu antzokira, Pupu eta Lore haizearen herrira ikuskizunaz gozatzera. 17:00etan hasi da ikuskizuna, eta ez da musikarik eta dantzarik falta izan ordubete inguru iraun duen emanaldian; izan ere, Manolo Urbieta zenaren abestiak izan dira protagonista ikuskizunean zehar. Aitona Manolok hura haurra, gaztea eta heldua zeneko hiru kaxa erakutsi dizkie Pupuri eta Loreri, eta baita garai bakoitzeko hainbat istorio kontatu ere. Hala, istorio bakoitza musikari zarauztarraren doinuekin lagundu dute. Horrez gain, asmakizunak eta jolasak ere egin dituzte Pupuk eta Lorek Soreasura gerturatutako haur eta gurasoen laguntzarekin.

Bizitzan zehar, urtez urte, gertatzen dena gertatuta ere, umorea ez dela galdu behar esan du Aitona Manolok, eta emanaldiari amaiera eman dio "irria ezpainetan eta kantua ahoan". 

Ekain Ibargurenek hezurmamitu du Lore, eta ikuskizuna amaitzean dozenaka haur eta guraso hurbildu dira beregana argazkiak ateratzera. Hori ez ezik, ikusleen marrazkiak eta musuak ere jaso ditu pailazo azpeitiarrak.