Hainbat eragilek ostegunean Burni enpresan izan zen lan istripua salatu dute

Uztarria.eus 2017ko api. 29a, 14:40
Burni enpresan izan zen ezbeharra ostegunean.

Ohar bateratua kaleratu dute Azpeitiko Gaztetxeak, Ernaik, LABek eta Sortuk, eta babesa adierazi diote zauritutako gazteari nahiz haren ingurukoei. "Zoritxarrek, eguneroko ogi dira lan ezbeharrak, heriotzak, gaixotasunak eta abarrak. Eta ez gaitezen nahastu, guzti honek ez du etenik", esan dute Azpeitiko eragileek.

Azpeitiko Gaztetxeak, Ernaik, LABek eta Sortuk joan den ostegun arratsaldean Glual Taldeko Burni enpresan izandako lan istripua salatu dute. Ohar bateratua kaleratu dute eragile horiek guztiek, eta gogorarazi dute Nazioarteko Lan Osasunaren Egunaren bezperan jazo zela ezbehar "larria". Gainera, babesa adierazi diote zauritutako gazteari nahiz haren ingurukoei.

Haiek azaldu dutenez, eskailera batetik erori eta burni zatia iltzatu zitzaion langileari, eta nabarmendu dute ez dutela informazio gehiagorik. "Zoritxarrek, eguneroko ogi dira lan ezbeharrak, heriotzak, gaixotasunak eta abarrak. Eta ez gaitezen nahastu, guzti honek ez du etenik", esan dute Azpeitiko eragileek. "Batzuetan ahaztu egiten zaigun arren, lana ateratzearen presioak, gauzak azkar egitearen beharrak, segurtasun neurrietan inbertsiorik ez egiteak, piezak edozein tokitan izateak... prekarietatearen alde bat baino ez dira". Oharra sinatu duten eragileek diote gizartea "ia ohitu" egin dela lan istripuak izan direla entzutera.

Horrez gain, instituzioen pasibotasuna salatu dute, "prekarietaterik ez egoteaz eta lan osasuna bermatzean arduratu beharrean, eta horiek konpontzeko neurriak hartu beharrean, bertako enpresariak goraipatzen ari direlako".

Joan den osteguneko istripua eta eguneroko prekarietate kasuak salatzeko Langileen Nazioarteko Egunean, maiatzaren 1ean, egingo dituzten egitasmoetan parte hartzeko deia luzatu dute Azpeitiko Gaztetxeak, Ernaik, LABek eta Sortuk.