Eska daitezke lan arloko formaziorako eta umeen eskolaz kanpoko ekintzetarako bekak

Uztarria.eus 2017ko api. 28a, 14:50

2016-2017 ikasturteko formazioko diru-laguntzak eskatzeko epea maiatzaren 30ean amaituko da, eta hurrengo ikasturteko bekak eskatzeko epea zabalik dago. 3 eta 18 urte bitarteko haur eta gaztetxoen eskolaz kanpoko ekintzetarako bekak ere eska daitezke dagoeneko, Gizarte Zerbitzuen bulegoan. GKEtan kooperante bezala aritu nahi dutenentzat diru-laguntzak eskatzeko epea aurrerago zabalduko dute.

Zabalik dago formakuntza ikastaroetarako eta hezkuntza araututik kanpoko ekintzetan parte hartzeko bekak eskatzeko epea. Udalak eskaintzen ditu beka horiek, "langabezian dauden herritarrei formakuntza hurbiltzeko eta lana bilatzen laguntzeko". Bestalde, hezkuntza ez arautuko (aisialdikoa, kirola,musika...) jardueretan parte hartzeko bekak ere eskaintzen dituzte, zailtasun ekonomikoak dituzten familietako haur eta gaztetxoek ekintza horietan parte har dezaten. Estitxu Elduaien zinegotziak azaldu duenez, Udalarentzat formazioa eta hezkuntza "lehentasunezko" gaiak dira, eta horregatik diruz laguntzen dituzte "formatzeko ahalegina egiten duten herritarrak".

Formazio ikastaroetako beka eskatzen duten herritarrek, klaseetako matrikula ordaintzeko, garraioaren gastuetarako eta eskolako materiala ordaintzeko diru-laguntzak jasoko dituzte.

Honakoak dira formaziorako bekak eskuratzeko bete beharreko baldintzak: 

  • Langabezian egotea edo %50eko lanaldian egotea.
  • 25 urtetik gora izatea.
  • Titulu profesionala, lanbide heziketako erdi mailako titulua edo goi mailako titulua eskuratzeko matrikulatzea. 

Datorren ikasturterako bekak ez ezik, martxan dagoen 2016-2017 ikasturteko diru-laguntzak ere eska daitezke oraindik, eta horretarako azken eguna maiatzaren 30a da. Hurrengo ikasturteko diru-lagunak, aldiz, abenduaren 10era arte eska daitezke. Iaz, 19 lagunek eskatu zituzten lan munduari lotutako formazio arlorako bekak. 

Hezkuntza ez-arautuko zentroetan eskolaz kanpoko ekintzetan parte hartu nahi dutenentzako bekak, laguntzak beharra duten familietako 3 eta 18 urte arteko haur eta gaztetxoentzat dira. Ondorengo eskola edota jarduerak lagunduko dituzte diruz: Juan Antxieta Musika Eskola, euskal dantzen ikastaroa, Arte eta Diseinu Ikastegia eta Udal Kirol Patronatuko bazkide kuota, besteak beste. Hala ere, Leire Goenaga zinegotziak azaldu duenez, ez dira diruz lagunduko hizkuntza akademietako klaseak. 2016an bekek "harrera ona" izan zutela aipatu du Goenagak. Iaz, 50 familiak jaso zituzten eskolaz kanpoko ekintzetarako bekak. 

Informazio gehiago nahi duten herritarrek edo beka lortzeko eskaera egin nahi dutenek, udaletxeko Gizarte Zerbitzuen bulegora nahiz Udalaren webgunera jo dezakete. 

Kooperante aritzeko diru-laguntzak, laster

Azpeitiko Udalak iaz eskaini zituen aurrenekoz Gobernuz Kanpoko Erakundeetan (GKE) eta kooperante bezala garapen bidean dauden herrialdeetan lanean aritzeko diru laguntzak. Iaz beka horiek "oihartzun gutxi" izan zutela esan du Estitxu Elduaienek, eta aurten zabalkunde handiagoa eman nahi diote. Horregatik, nahiz eta oraindik ez duten eskaera egiteko epea zabaldu, beka horiek eskainiko dituztela aurreratu dute Estitxu Elduaien eta Leire Goenaga zinegotziek.