Ama bakar izateaz "harro"

Gipuzkoako Hitza 2017ko api. 28a, 13:49
Geroz eta gehiago dira ama bakarreko familiak. (Maialen Etxaniz).

Zailtasunei erantzun, eta gizartean onartuak izan daitezen borrokan ari dira ama bakarrak diren hainbat emakume, elkarteetan antolatuta zein norbanako bezala.

Ama bakarreko gero eta familia gehiago dago gaur egun. Halaber, guraso bakarreko familien %82tan emakumea da familiaburua. Hala ere, batzuen ustez, ama bakarreko familia eredua oraindik ez dago onartuta gizartean. Uste hori du Nazaret Rosado gasteiztarrak. BG Ama Bakarreko Familien Elkarteko kidea da, eta familia eredu horretan bizi diren emakumeen egoeraren berri emateko solasaldia eskaini zuen joan den asteartean Azpeitiko Emakumeen Txokoan. Solasaldia emateko gonbita "pozez" hartu zuela aitortu du: "Ama bakarra diren pertsonen kolektiboa ezkutuan egon baita orain gutxi arte".

Rosadoren ustez, gizartean oso zabalduta dago senarrik gabeko emakumeek gainerako emakumeek ez dituzten hainbat eskubide eta pribilegio dituzten ustea, baina, hori hala ez dela iritzita, "benetako errealitatea" zer-nolakoa den erakutsi nahi diote gizarteari. Horregatik, emakume eta ama bakar direnen eskubideen defentsan lanean ari da BG Ama Bakarreko Familien Elkartea.

Hainbat erakundetara jo dute jada, baina ez dute aldaketarik ikusten. Arartekoarekin, Eusko Jaurlaritzarekin eta Espainiako Gobernuarekin harremanetan jartzen saiatu dira, euren aldarrien berri emateko. "Baina izugarrizko babes falta nabaritu dugu. Hitz soilez betetzen zaie ahoa, eta ia ez gaituzte babesten, nahiz eta gure irudia zaintzea eta ez zikintzea den euren ardura".

"Teorian", legearen aurrean norbanako guztiak "berdinak" direla adierazi du Rosadok. "Baina praktikan ez da hala". Horregatik, gasteiztarraren hitzetan emakume horiek "zapalduta" daude eremu legegilean. "Kontziliazioaren gaian, etxe kaleratzeak gertatzen direnean, enplegu planetan, haurrak ikastetxera eramatean edo errenta aitorpena egiterakoan, oztopoak besterik ez ditugu izaten", azaldu du. “Erraza da esatea guk diru laguntzak jasotzen ditugula, baina jendea oso ezjakina da; ez dakite legeek zenbat kalte egiten diguten. Bikote ereduko familientzat pentsatuta dago sistema guztia".

Erreportajea osorik, Gipuzkoako Hitzaren webgunean.