Hiru Zango Egunerako txartelak salgai jarri ditu Lagun Onak Mendi Bazkunak

Uztarria.eus 2017ko api. 27a, 14:29
Hiru Zango Egunerako txartelak.

Ekainaren 4an ospatuko dute Hiru Zango Eguna Hazparnen, eta orduan egingo dute Azpeitia eta Hazparne oinez lotzen dituen egitasmoaren seigarren eta azken etapa. Txartelak Sanagustinen eta Lagun Onak MBren egoitzan daude salgai, 10 eurotan. Egun horretarako prestatutako egitarauaren berri aurrerago emango dute. 

Ekainaren 4an amaituko da Azpeitia-Hazparne. 30 Urte. Bi herri pausoz pauso egitasmoa, eta egun horretan Hiru Zango Eguna ospatuko dute Hazparnen. Hala, Azpeitia eta Hazparne oinez lotzen dituen egitasmoaren seigarren etapa Hiru Zango Eguneko ospakizunarekin amaituko dute. Bertan parte hartzeko txartelak salgai jarri ditu dagoeneko Lagun Onak Mendi Bazkunak. 

Hazparnera joateko autobuserako eta han egingo den bazkarirako txartelak 10 eurotan daude salgai Sanagustin kulturgunean eta Lagun Onak MBren egoitzan. Azpeitiarrek Hiru Zango Egunean parte har dezaten nahi dute mendi bazkunako kideek, eta herritar guztiei dei egin diete bertan parte har dezaten. Txartelak erosteko azken eguna maiatzaren 15a izango da. 

Hiru Zango egunean parte hartzeko bi modu daude. Alde batetik, Azpeitia-Hazparneko azken etapa eginda, eta bestetik, zuzenean autobusean Hazparnera joanda. Bigarren aukera hori aukeratzen dutenek, izena eman beharko dute aurrez, Lagun Onak Mendi Bazkunaren tabernan edo webgunean. Horrez gain, txartela erosita izatea beharrezkoa da. 

Seigarren etapa: Kanbo- Hazparne

Azpeitia-Hazparne. 30 Urte. Bi herri pausoz pauso egitasmoko seigarren eta azken ibilaldia Kanbotik Hazparnera artekoa izango da, eta bertan parte hartzeko izen-ematea aurrerago zabalduko dute. Baita Hiru Zango Eguneko egitaraua ere. Oraingoz, maiatzaren 6an egingo den bosgarren etapan parte hartu nahi dutenek eman dezakete izena, Lagun Onak MBren egoitzan.