Aingeru Castro eta Alaitz Urkiola izan dira azkarrenak Azpeitiko XVIII. Rallysprintean

Uztarria.eus | Kirolak
2017ko api. 23a, 10:12

Enrique Barrenetxea eta Anartz Onandia sailkatu ziren bigarren tokian, eta etxeko gidariek osatu zituzten ohorezko postuak: Iban Ibarreta eta Unai Antia hirugarren sailkatu ziren, Gurutz Agirretxe eta Egoitz Aiertza laugarren, eta Ibon Otaegi eta Ianeko Eskurtza bosgarren.

Aingeru Castro eta Alaitz Urkiola. (Borja Basterretxea-La Tula Sport)  Ikusi haundiago | Argazki originala

Aingeru Castrok eta Alaitz Urkiolak (BMW M3) irabazi dute aurten ere Azpeitiko Rallysprinta; 26:18.028 behar izan zuten lasterketa osatzeko. Atzo jokatu zen Lagun-Artea Eskuderiak antolatutako lasterketaren XVIII. edizioa eta faboritoek ez zuten hutsik egin, iazko garaipenari beste bat gehituz.

Castrok eta Urkiolak irabazi zituzten Azpeititik Aizarnara jokatu ziren hiru tramoetatik bi. Hirugarrena, eguneko azkena, sailkapen nagusian bigarren tokia (26:20.792) eskuratu zuten Enrique Barrenetxearentzat eta Anartz Onandiarentzat (Mitsubishi Lancer Evo IX) izan zen. Aurreneko bi postuetarako borrokaren atzetik, etxeko gidarien arteko lehia estua egon zen. Iban Ibarretak eta Unai Antiak (26:34.662) osatu zuten lasterketaren podiuma, hirugarren postuarekin, Gurutz Agirretxe eta Egoitz Aiertza (26:51.548) laugarrenak izan ziren, eta Ibon Otaegi eta Ianeko Eskurtza (26:53.932) bosgarrenak; hirurak, BMW M3 autoekin.

43 bikotek ekin zioten rallysprintari, baina paretsu ibili ziren, azkenean, lasterketa bukatu zutenak (22) eta erretiratu zirenak (21).

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu