Astelehenean itxiko da Uztarrian praktikak egiteko izen-ematea

Uztarria.eus 2017ko api. 20a, 15:21

Komunikazio ikasketetako bigarren zikloko ikasleek edota ikasketak amaitutakoek izango dute praktikak egiteko aukera, maiatzaren hasieratik uztailaren bukaerara. Egunean lau orduko jarduna eskaintzen da, eta azpeitiarrek lehentasuna izango dute. 

Datorren astelehenean, apirilaren 24an, amaituko da Uztarria Komunikazio Taldean praktikak egiteko izen-ematea. Komunikazio ikasketetako (Kazetaritza, Publizitatea eta Harreman Publikoak, Ikus-Entzunezko Komunikazioa, Komunikazio gradua...) bigarren zikloko (3. eta 4. mailak) ikasleek edota ikasketak amaitutakoek izango dute praktikaldia egiteko aukera, eta azpeitiarrek lehentasuna izango dute. Curriculumak uztarria@uztarria.com helbidera bidali behar dira. 

Praktikaldian Uztarria.eus webgunearen kudeaketa izango da eginkizun nagusia. Praktika epea maiatzaren hasieratik uztailaren bukaerara luzatuko da eta egunean lau orduko jarduna eskaintzen da, 09:00etatik 13:00etara edo 15:00etatik 19:00etara; ordutegia bakoitzaren arabera egokitu daiteke. Praktikaldiak ordainsaria izango du. 

Informazio guztia:

Enpresa: Uztarria Komunikazio Taldea.

Enpresaren kokapena: Azpeitia.

Praktikak: Uztarria.eus-en eguneroko kudeaketa.

Egin beharreko lanak: Albisteak, erreportajeak, elkarrizketak nahiz ikus-entzunezkoak.

Lanposturako baldintzak:

  • Lehentasuna izango dute azpeitiarrek.
  • Komunikazio ikasketak egiten aritzea edo eginda izatea.

Jardunaldia: Egun erdiz (lau ordu). Goizez 09:00etatik 13:30etara edo arratsaldez 15:00etatik 19:00etara (ikaslearen arabera moldatu daiteke ordutegia).

Diru-laguntza: Praktikaldiaren bukaeran, egindako lana eskertzeko ordain-saria emango zaio.

Praktikaldia noiz hasi eta noiz bukatu: Maiatzetik uztailera.

Izena emateko azken eguna: Apirilaren 24a. Bidali ordurako zure Curriculuma uztarria@uztarria.com helbidera.