Eguraldia lagun, martxan da tren turistikoa

Uztarria.eus 2017ko api. 13a, 14:49

Eguraldia lagun, gaur goizetik martxan da Azpeitiko herrigunea eta Loiola lotzen dituen Azpeitiko tren turistikoa. Bi lekutatik ari da abiatzen orduero; Perez Arregi plazatik eta Loiolatik. 11:00etan egin du aurreneko aldiz ibilbidea, eta, ordutik, orduro ari da bisita gidatuak eskaintzen. Perez Arregi plazan 19:00ak bitartean orduro hartu ahal izango da trena, eta, Loiolan, 19:30ak bitartean. Pixkanaka, baina ari dira herritarrak eta kanpotik etorritako bisitariak bisitak egiten.

Lau geltoki egiten ditu tren turistikoak: Loiolako basilikaren aurrean, Igarako errotan, plazan eta Perez Arregi plazan. Euro bat ordaindu behar da egun osorako balioa duen txartela, eta gida batek azalpenak egingo ditu bisitetan zehar. Tren turistikoa martxan den bitartean zabalik izango dira Madalenako ermita eta Soreasuko Sebastian Donearen parrokia.

Ibilgailua martxan izango da egunero, igandera bitartean. Bisitariak herrigunera erakartzeko helburuarekin jarri du aurten lehen aldiz tren turistikoa martxan udalak.

(Argazkiak: Julene Frantzesena)