Azpeitiko tren turistikoa

IƱaki Portilla 2017ko api. 6a, 13:32

Iñaki Portilla zinegotziak honako gutun hau idatzi du, tren turistikoaren zerbitzua dela eta.

Azpeitian, azken urteotan, herria bisitatzen duen gero eta jende gehiago ikusten dugu. Ingelesak, korearrak, alemaniarrak, amerikarrak... gure herrian tokatzen zaizkigu edozein unetan.

Orain dela gutxira arte ezinezkoa ematen zuen argazkia da. Aurrera pauso handiak eman dira turismo arloan, gure herriak bi turismo bulego ditu; bata, guztiz berritua Loiolan, eta bestea, orain gutxi jarria, Alde-Zaharrean. Ziurrenik, bi bulegoen lanaren emaitza izango da, baina bide horretan jarraitu behar dugu. Udalak erronka ongi markatuta dauka, Loiolatik herrira ekarri behar da jendea.

Gure tabernentzat, jatetxeentzat eta dendentzat aktibitate ekonomikoa sortuko duen ekimena da hau ere. Bide horretan, elementu ikusgarriak ditugu, Madalena, Alde Zaharra bera, Trenaren Museoa, herriko plaza, kultur eskaintza, gure festak, ingurugiro museoa, Loiolako etorbidea, kirol instalazioak, Igarako errota... gure auzoak eta gure bazter zoragarriak.

Azpeitia da Manresarekin batera Inaziotar bidean lidergoa hartzen ari dena, eta ekimen hori ere urte gutxitan garrantzitsua izango dela uste dut, gure inguruan dagoen estrategia indartsuenetako bat izanik. Ildo horretan, Aste Santuan tren turistikoa jartzea txalogarria iruditzen zait, udala zoriondu nahiko nuke ekimen horregatik. Funtzionatzen badu, tresna oso garrantzitsua izango da Loiola eta erdigunearen arteko konexioa indartzeko.

Bisita gidatuekin batera plan ezin hobea bertakoentzat eta kanpotik etortzen direnarentzat Azpeitia ezagutuz egun ederra igarotzeko. Ez galdu aukera.