Errepideko istripuen ondorio latzak aurrez aurre

Uztarria.eus | Gizartea
2017ko api. 4a, 13:43

Erabaki oker bakar batek goitik behera aldatu edota betirako itzali dezake bizitza. Ideia hori behin eta berriro errepikatu dute gaur Soreasu antzokian hitza hartu duten lagunek, Bizitzaz blai egitasmoaren hasierako ekitaldian. Errepideko istripu baten irudikapena zegoen iragarria. Irudi latzak batetik eta, batik bat, istripu bat gertatzen denean protagonista izaten direnen hitzak bestetik, baita istripu larrien ondorioak zuzen-zuzenean bizi dituztenen testigantzak ere. Horiexek ikusi eta, bereziki, entzun, dituzte Soreasun elkartutakoek. Entzuleen artean, DBHko eta Batxilergoko ikasleak ziren nagusi, hein handi batean haiei zuzendutakoa baita egitasmoa.

Bi saio egin dituzte, bata 10:00etan eta bestea 12:00etan. Parrandako giroa irudikatuz, musika ozenarekin eta argi-dantzarekin hasi dute road show deritzon ikuskizuna, eta ikusle gazteak giroan sartuta. Bat-batean, ordea, aldatu da giroa, auto istripu larrien eszenak jasotzen zituen bideo gogorraren txanda iritsi denean; fikziozkoa zen bideoa, baina bazuen nahikoa gordintasun, festarako gogotik isiltasunera eramateko. Testigantzen txanda etorri da ondoren: Jon eta Inma Azpeitiko udaltzainak, Ibon ta Joxe Luis suhiltzaileak, Imanol DYAko boluntarioa, Pedro anbulatorioko medikua, 19 urterekin izan zuen auto istripuaren ondorioz paraplejiko gelditutako Mikel, beste istripu baten erruz semea tetraplejiko duen Arantxa eta, bukatzeko, Jorge del Cid auto gidaria. "Istripu gehienak saihestu daitezke, zentzuz jokatuz gero", esan du suhiltzaileetako batek; eta horixe izan da ia hizlari guztien mezua entzule gazteentzat: bizitzaz gozatzeko, baina zentzuz jokatuta.

Adi-adi entzun dute bakoitzak kontatzeko zuena eta, saioa bukatuta, antolatzaileek sarreran emandako galdetegia bete eta irteeran utzi dute ikasleek.

Gaurkoaren kronika zabala, Urola Kostako Hitzaren webgunean irakurgai izango da gaur arratsaldean. Bitartean, hona hemen gaurko saioetako batean ateratako argazkiak.

Testigantzak, apirileko Uztarria aldizkarian

Egitasmoa hizpide hartuta, istrua izan duten norbanakoen edo horien senideen testigantzak biltzen dituen erreportajea argitaratuko du Uztarriak apirileko aldizkarian. 

Ikusi argazki guztiak haundiago

 
Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu