Korrikaren atarian, prestaketei azken ukitua ematen

Uztarria.eus 2017ko api. 3a, 15:46

Asteazkenean iritsiko da 20. Korrika Azpeitira, eta martxan dira euskararen aldeko egitasmoari harrera egiteko azken prestaketak. Gaur, astelehena, AEK-ko kideak hainbat kartel jartzen aritu dira Korrika igaroko den herriko txokoetan. Kartelok kilometroaren zenbakia zehazten dute, baita puntu horietatik Korrika zein ordutan igaroko den ere. 

Egitasmoan parte hartuko duten eragileek joan den ostiralean jaso zituzten Korrikako petoak, eta horietan zehaztuta dago talde bakoitzak lekukoa hartuko duen lekuaren kilometroa, gaur jarritako karteletan zehaztutakoa, hain zuzen.

Korrika Txikia, bihar

Herriko txikienak izango dira euskararen alde korrika irteten aurrenak, eta bihar, asteartea, egingo dute Korrika Txikia. 16:00etan dute jarrita hitzordua, igerileku aurrean. Amaiera festa, aldiz, plazan egingo dute.