200 lagun inguru elkartu dira Gipuzkoako Bertso Eskolen Egunean

Uztarria.eus 2017ko api. 2a, 21:07

Goizean Gipuzkoako Eskolarteko Bertso Txapelketaren finalarekin hasi eta arratsalde erdira bitartean, Gipuzkoako Bertso Eskolen Eguna ospatu dute gaur, igandea, herrian. Ordubata aldean bukatu da Soreasun Oihana Aranak irabazi duen finala. Handik, Frontoi Txikira joan dira eguneko protagonistak; lurraldeko bertso eskoletan dabiltzan 200 bat ikasle elkartu dira gaur Azpeitian, antolatzaileen arabera.

Plazan garatzekoa zuten eguerdi-arratsaldeko egitaraua Donejakue kaleko pilotalekura eraman dute, eguraldiagatik. Han, bazkaldu ondoren, jolasteko eta sormena lantzeko hainbat tailer egin dituzte: muralak, eskulanak, garai bateko jolasak, pilota... 16:30an hasi duten azken ekitaldiarekin agurtu dute jardunaldia, bertso-antzerkiarekin eta bertso musikatuak abestuta.

Ikusi argazki gehiago Urola Kostako Hitza-ren webgunean.