Oihana Aranarentzat izan da Gipuzkoako Eskolarteko Bertso Txapelketa

Uztarria.eus 2017ko api. 2a, 15:27

Gaur Azpeitian ospatzen ari diren Gipuzkoako Bertso Eskolen Egunak bete du lehen hitzordua. 11:00etan hasita, Gipuzkoako Eskolarteko Bertso Txapelketa jokatu da Soreasu antzokian eta txapela Eskoriatzara joan da, Oihana Aranaren eskutik; Jokin Irastorza izan da txapeldunordea. Jose Luis Gorrotxategik jantzi dio txapela Aranari, eta haren eta txapeldunaren bertso banarekin amaitu da saioa; bideo honetan entzun daiteke bien jarduna. Gaurko finalisten lanak bukatu eta sailkapena erabaki aurretik, bertsopaper lehiaketaren sariak ere banatu dituzte Soreasuko oholtza gainean.

Finala bukatuta, trikiti doinuak lagun dituztela abiatu dira Frontoi Txikira gaurko eguna ospatzera Azpeitira etorritako bertso ikasleak eta gainerakoak. Bazkalondoan jolasteko eta sormena lantzeko parada izango dute horretarako jarritako guneetan, eta 16:30ean izango dute amaierako ekitaldia, plazan.