Maratoi erdian 875 atleta eta lasterketa motzean 270 lehiatuko dira biharko Azkoitia-Azpeitian

Uztarria.eus 2017ko mar. 31a, 19:47
2016an bezala, herriko lasterkariak ere ez dira faltako biharko Azkoitia-Azpeitia proban.

Iazko edizioko parte-hartzea hobetuko dute bi lasterketek. Antolatzaileak "gustura" azaldu dira horregatik, baina beren helburuen azpitik jarraitzen dutela gogoratu dute, "mila parte-hartzaile izan behar da gure kopurua maratoi erdian". Patinatzaileen lasterketa 16:40an hasiko da, lasterketa herrikoia 16:45ean eta maratoi erdia, berriz, 17:00etan.

Bihar, zapatua, egingo den XXIV. Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiak aurreko edizioko parte-hartze marka onduko du. Atzo, osteguna, itxi zen Internet bidezko izen-ematea eta, antolatzaileek gaur baieztatu dutenez, 875 atletak eman dute izena maratoi erdirako, eta 270ek aurretik egingo den lasterketa herrikoirako. Horrenbestez, bi lasterketetan ariko dira 2016an baino ehun lasterkari gehiago. Antolatzaileak "gustura" azaldu dira horregatik, baina beren helburuen azpitik jarraitzen dutela gogoratu dute, "mila parte-hartzaile izan behar da gure kopurua maratoi erdian".

Eliteko atletei dagokienez, gizonezkoetan Titus Mbishei, Joseph Kiprono Kiptum eta Emmanuel Bor keniarrak eta Elias Kibret Mola etiopiarra lehiatuko dira garaipenaren bila. Emakumezkoetan, Josephine Jepkoeh Kiby, Beatrice Mutai, Leonidah Jemwetich Mosop eta Stacy Jepkemoi Ndiwa keniarrak, Bahraingo Desi Jisa eta Elena Loyo euskal herritarra dira podiuma zapaltzeko faboritoak.

Maratoi erdiaren barruan garaipen nagusiaz gain beste lehia bat ere izango da kontuan hartzekoa, distantzia horretako Gipuzkoako txapelak ere jokoan izango baitira Azkoitia eta Azpeitia artekoan.

Patinatzaileen lasterketa 16:40an hasiko da, lasterketa herrikoia 16:45ean eta maratoi erdia, berriz, 17:00etan. Aurrez, 16:30ean hasita, Diego Garcia zenaren familia omenduko dute, urtero legez, Azkoitiko irteeran.