Ikasleek egindako prototipo zientifiko-teknologikoak, plazara

Uztarria.eus 2017ko mar. 30a, 16:19
Ikasleak prototipoen inguruko tailerrak egiten. (Azpeitiko Udala)

Herriko hainbat ikaslek azken asteetan garatu dituzten bost tailerren emaitzak aurkeztuko dituzte bihar, Azkoitiko plazan egingo den Bizilabe azokan. Iraurgi Berritzenek zuzendu du proiektua, Elhuyarren gidaritza teknikoarekin. Egitasmoaren helburua da Urola Erdian zientzia eta teknologia gaitasunak sustatzea. 

Hainbat astez bost tailerretan egin dituzten prototipo zientifiko-teknologiko aurreratuak aurkeztu dituzte Azpeitiko eta Azkoitiko ikasleek bihar, martxoak 31, Bizilabe azokan. Bertan parte hartuko dute Azpeitiko Ikastola Ikasberriko, Urola Ikastolako, Iraurgi Ikastetxeko eta Xabier Munibe Ikastolako DBHko hainbat ikaslek. Azoka Azkoitiko plazan egingo dute, 17:00etatik aurrera. 

Bizilabe egitasmoa Iraurgi Berritzen garapen agentziak zuzendu du, Elhuyarren gidaritza teknikoarekin. Iraurgi Berritzenetik azaldu dutenez, "ikastetxeek, udalek nahiz enpresek eskualdean zientzia eta teknologia gaitasunak lantzeko beharra hauteman dute, eta testuinguru horretan, eskualde ikuspegitik, ezinbestekotzat jo da hezkuntzan zientzia eta teknologia gaitasunak sustatzea". Hala, Bizilabe proiektuaren helburua da Urola Erdian zientzia eta teknologia gaitasunak sustatzea. 

Biharko azokan ikasleek ikusgai jarriko dituzte hainbat alorretan landu dituzten prototipoak, besteak beste, mikrobiologia, elektronika eta prototipazioa alorretakoak. Tailerretan esperimentuak egin dituzte polimeroen edo nanoteknologiaren alorrean, eta horien berri ere emango dute Bizilaben.