Porrotetatik ikas daiteke ibiltzen

Urola Kostako Hitza 2017ko mar. 29a, 18:54
Enrique Arrillaga Lufe enpresaren arduraduna. (Julene Frantzesena)

Une ikaragarri ona bizi dute Azpeitiko Lufe altzari enpresan. Zurezko altzariak egin eta prezio baxuan saltzen dituzte Internet bidez. Izan duen arrakastarekin "oso pozik" dago Enrique Arrillaga enpresaren arduraduna.

Nolako zura, halako ezpala, dio atsotitz ezagunak. Eta ondo islatzen du Enrique Arrillagak (Eibar, 1967) esku artean duen proiektua. Bertako zura erabiliz, arrakasta itzela izan duten altzariak egiten dituzte duela urte gutxi zabaldu zuten Lufe enpresan. Ilusiorik eta lanerako gogorik ez zaio falta enpresaren arduradunari.

Azpeitiko Anardi industrialdean du lantegia Lufek. Eta dagoeneko bada hari "Euskal Ikea" deitzen dionik; izan ere, prezio baxuko altzariak ekoizten eta saltzen dituzte bertan. Arrillagaren arabera, egurraren kalitatea, prezioak eta bezeroei eskaintzen dieten zerbitzua dira proiektuaren balio erantsia. "Gure filosofia da kantitate handiak ekoiztea, herritarrei saltzeko. Pentsatzen duguna da: 'Ikea bezalako enpresa handi bat gure produktuak erostera badator, zein da eskain geniezaioken preziorik onena?'. Ba horixe eskaintzen diegu norbanakoei ere". Halere, jakitun da, oraindik ere, "merkea" eta "ona" hitzak ez direla bateragarriak jende askorentzat. "Batzuek esango dute 30 euroko ohe bat ondo dagoela oporrak igarotzen dituen etxerako... Errespetatzen dut, baina nik horrelako batean egiten dut lo egunero-egunero, eta gustura nago. Txipa aldatu behar dugu. Izan ere, zergatik izan behar du merkeak kalitate txarrekoa?".

Arrillagak azaldu duenez, lau ezaugarri dituzte Lufe altzariek: batetik, bertako pinua erabilita, bertan ekoizten dute; bestetik, unibertsalak dira produktuak, edonork eros ditzakeelako; horrez gain, diseinu guztiek funtzio jakin bat dute; eta, azkenik, produktuak ekologikoak dira.

Jarraitu irakurtzen Urola Kostako Hitza-ren webgunean.