Gipuzkoako Bertso Eskolen Eguna eta Eskolarteko finala izango dira igandean

Uztarria.eus 2017ko mar. 27a, 15:49

Eskolarteko finalarekin emango diote hasiera egunari, Soreasu antzokian. Arratsaldean, sormena lantzeko hainbat jarduera egingo dituzte, plazan. 

Bertsolari gazteen plaza bihurtuko da Azpeitia datorren igandean, apirilaren 2an; hori baita Gipuzkoako Bertso Eskolen Eguna ospatzeko eta Eskolarteko finala jokatzeko Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak aukeratu duen lekua. 

Goizean emango diote hasiera prestatutako egitarauari, Gipuzkoako Eskolarteko finalarekin. Saioa Soreasu antzokian izango da, 11:00etan hasita. Legazpin, Lasarten, Oñatin, Altzon eta Orion bost kanporaketa jokatu ondoren honako zortzi bertsolariek abestuko dute finalean: Oihana Arana, Jokin Irastorza, Andoni Mujika, Ane Beloki, Iker Ormazabal, Itziar Mendia, Urko Arregi eta Libe Goenaga.

Gipuzkoako eskolarteko txapeldunak eta txapeldunordeak ekainaren 10ean Saran jokatuko den Euskal Herriko Eskolartekoan kantatzeko txartela eskuratuko dute. 

Sormenerako tartea, arratsaldean

Bazkalostean jarraituko dute Gipuzkoako Bertso Eskolen Egunaren harira antolatutako jarduerekin, eta sormena izango da protagonista. Plazan hainbat gune jarriko dituzte jolasteko eta sormena lantzeko. Besteak beste, antzerkia, bertso musikatuak eta eskulanak egiteko parada izango dute Azpeitira bertaratzen diren bertsozale gaztetxoek. 16:30ean emango diote amaiera egunari, plazan egingo den amaiera ekitaldiarekin.