Azpeitiko Ernaik eta Sortuk ez dute bat egiten Errepresioari Autodefentsa dinamikaren estrategiarekin

Uztarria.eus 2017ko mar. 17a, 13:36

Joan den zapatuan Iruñean jazotako istiluen ondorioz izandako atxiloketak salatu dituzte, eta atxilotuen askatasuna aldarrikatu dute. Errepresioari erantzuteko "bide eraginkorrena herri sektore anitz eta zabalak elkarlanean jardutea" dela uste dute. 

Errepresioari Autodefentsa dinamikak deituta, errepresioaren aurka manifestazioa egin zuten martxoaren 11n Iruñean. Mobilizazioan istiluak izan ziren, eta ondorioz, lau gazte atzeman zituen poliziak. Horietatik hiru espetxera eraman ziztuzten, eta bestea aske utzi zuten, adin txikikoa zelako. Atxiloketa horiek salatu dituzte Azpeitiko Ernaik eta Azpeitiko Sortuk, eta esan dute kale istilu batzuk terrorismo gisa epaitzea "neurrigabea" dela. Hala, atxilotuen askatasuna aldarrikatu dute, eta operazioa aurrera eraman zuen polizia nazionalaren zein "indar okupatzaile guztien" kanporatzea eskatu dute. "Estatuaren jazarpena guztiz gaitzesgarria" dela esan dute, baina hala ere "Errepresioari Autodefentsak aurrera daraman estrategiarekin eta horren baitan egiten diren dinamikarekin" bat egiten ez dutela esan dute. Bestalde, azpimarratu dute "herri osoak batera lan eginez" lortuko dela errepresioarekin amaitzea.

Hemen, Azpeitiko Ernairen eta Sorturen oharra, osorik:

"Lehenik eta behin gure elkartasuna adierazi nahi diegu atxilotuak izan diren Oreretako lau gazteei eta beren senideei. Estatuak ezarri duen politika antiterrorista, salbuespen legedian oinarritua, onartezina dela uste dugu. Kale istilu batzuk terrorismo gisa epaitzea neurrigabea da, baita kasua Auzitegi Nazionalera igortzea ere, horregatik, atxilotuen askatasuna aldarrikatzen dugu, baita operazioa aurrera eraman zuen polizia nazionalaren zein indar okupatzaile guztien kanporatzea ere.

Herri honek urteetan zehar jasan du aipatutako indar okupatzaileen zein Espainiar eta Frantziar estatuen jazarpena, hamarkadetan zehar borrokatu duten euskal herritarrek egunerokotasunean pairatu behar izan dutena. Milaka izan dira estatuaren partetik atxiloketak, torturak, erailketak, gerra zikina... jasan behar izan dituzten herritarrak. Horren adibide dugu azken egun hauetan burutzen ari den epaiketa, non Sandra Barrenetxea bortizki torturatu zuten lau Guardia Zibil epaitzen ari diren. Bizitzen ari den momentu gogor hauetan, Sandrari gure elkartasun osoa adierazi nahi diogu.

Estatuaren jazarpena guztiz gaitzesgarria iruditzen zaigun arren, ez dugu bat egiten Errepresioari Autodefentsak aurrera daraman estrategiarekin, ezta estrategia horren baitan gauzatzen diren dinamikekin ere. Errepresioari erantzuteko bide eraginkorrena herri sektore anitz eta zabalak elkarlanean jardutea dela uste dugu, Altsasukoa da horren adibide argia, herri osoak batera lan eginez baino ezingo baitugu errepresioarekin amaitu".