Martxoaren 22a izango da Korrikako kilometroak erosteko azken eguna

Uztarria.eus 2017ko mar. 15a, 18:52
Duela bi urteko Korrika Azpeitian, Enparan dorretxearen ondotik pasatzen.

Hurrengo egunean, hilaren 23an, zozkatuko dituzte kilometroak, erosle bakoitzak ibilbidearen zer zati osatu beharko duen zehazteko; Sindikatu Zaharrean izango da zozketa, 19:00etan. Petoak jasotzeko eguna ere zehaztu du Korrika Batzordeak: martxoaren 30ean banatuko dituzte, Sanagustin kulturgunean, 18:00etatik 20:00etara.

Martxoaren 30ean Otxandion (Bizkaian) hasi eta apirilaren 9an Iruñean bukatuko da 20. Korrika. Eta apirilaren 5ean, asteazkena, goizeko bostak aldera igaroko da Azpeititik.

Korrikak herrian osatuko dituen kilometroak saltzen ari da Azpeitiko Korrika Batzordea eta zehaztu du dagoeneko kilometroak erosteko azken epea ere: gaur zortzi, martxoaren 22an, izango da azken eguna. Euskararen lekukoa eraman nahi duten talde, erakunde edota norbanakoek natul.euskeraz@gmail.com helbidera idatzi edo 661-10 44 46 telefonora deitu behar dute, kilometroak erosteko. Kilometro osoa edo erdia erosteko aukera dago, aurreko urteetan bezala. 425 euro balio du kilometro bakoitzak; eta 212,5 euro, berriz, erdiak. Ekarpena egiteko beste modu bat da Korrikalari irudia erostearena, eta horrek 110 euroko prezioa du.

Kilometroak erosteko epea itxi eta hurrengo egunean, hilaren 23an, zozkatuko dituzte, erosle bakoitzak ibilbidearen zer zati osatu beharko duen zehazteko. Sindikatu Zaharrean izango da zozketa, 19:00etan, eta ahal izanez gero hara azaltzeko deia egin die batzordeak kilometro erosleei.

Petoak jasotzeko eguna ere zehaztu du Korrika Batzordeak: martxoaren 30ean banatuko dituzte, Sanagustin kulturgunean, 18:00etatik 20:00etara.