Apirilean egingo den moda desfilerako modeloak behar ditu Bertanek

Uztarria.eus 2017ko mar. 15a, 10:50
Iazko moda desfileko irudia.

Edonork har dezake parte moda desfilean. Izan ere, Bertanek azaldu duenez, "ez dago adin edo neurri mugarik". Modelo bezala aritzeko izen-ematea martxoaren 23an amaituko da. 

Joan den urtean egin zuen aurrenekoz moda desfilea Bertan Azpeitiko Merkatari Elkarteak, eta "izandako arrakasta ikusita", datorren apirilerako moda desfile bat antolatzen ari da elkartea. Aurreko urtean bezala, Sanagustin kulturgunea herriko moda eskaintzaren pasarela bilakatuko da. Herriko arropa, zapata eta apaingarri dendek duten berriena erakutsiko dute, eta era berean orrazkera eta makillaje joaera berrienak ikusteko aukera ere izango da. Horretarako, modelo moduan parte hartu nahi duten emakume nahiz gizonezkoak behar dituzte.

Bertanek aurreratu duenez, ez dago adin edo neurri mugarik, eta XXXXL neurrira arteko modeloen bila dabiltza. "Azpeiti bizia" dela eta "eskaintza zabala dagoela" erakutsi nahi dute antolatzaileek, adin, sexu eta gustu guztietako herritarrentzako aukera eskainita.

Desfilean modelo bezala aritu nahi duenak bi modutara eman dezake izena, bertan.azpeitia@gmail.com helbidera idatzita edota 688-823 944 telefonora deituta. Izen-abizenak eta kontakturako telefono zenbaki bat ematea komeni da, harremanetarako. Martxoaren 23a izango da izena emateko azken eguna.