Udalak Pasaiako segadaren auzia artxibatzearen aurkako babes helegitea jarri du Auzitegi Konstituzionalean

Uztarria.eus 2017ko mar. 14a, 17:56
Ezkerretik eskubira, Pello Aizpuru, Eneko Etxeberria, Miguel Castells eta Arantxa Isart, gaur egindako agerraldian.

Martxoaren 22an, 33 urte beteko dira Pasaiako segada gertatu zela. Azpeitiko Udala 2001etik ari da Pasaiako segadaren auzi judizialean parte hartzen, herri akusazio gisa. Babes helegitea atzera botako balute, Udala prest agertu da auzia Giza Eskubideen Europako Auzitegira eramateko. Gainera, ikerketa judiziala aurrera ez badoa, ikerketa paraleloa abiatuko du Udalak.

Azpeitiko Udalaren abokatu Miguel Castellsek Pasaiako segadaren auzia ez artxibatzea eskatzeko jarritako helegitea atzera bota zuen iazko azaroaren 8an Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak. Erabaki horren aurrean, babes helegitea aurkeztu du Udalak Espainiako Auzitegi Konstituzionalean, hori baita Espainiar justiziako azken bidea. Hala ere, Udala prest agertu da auzia Giza Eskubideen Europako Auzitegira eramateko. Azpeitiko Udala 2001etik ari da Pasaiako segadaren auzi judizialean parte hartzen, herri akusazio gisa. 

Pasaiako segadaren auzia 2016ko otsailean artxibatu zuen Donostiako 2. Instrukzio Epaitegiak, "deliturik ez zuelako frogatu". Horren aurrean, ikerketa artxibatzearen aurka eta "heriotzak ikertzearen alde", helegite bana jarri zuten hildakoen senideek eta Azpeitiko Udalak, iazko otsailean. Helegite horiek ere atzera bota zituen Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak, eta erabaki horren aurka jarri du Udalak babes helegitea. 

Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak adierazi du ez daudela konforme Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak hartutako erabakiarekin, eta azpimarratu du bide juridiko guztietatik saiatuko direla egia argitara ateratzen, "egia jakitea oinarrizko eskubidea delako". Horrez gain, esan du, gizarte osoari eragiten dion auzia dela Pasaiako segadarena, eta gizarte osoak jakin beharko lukeela zer, nola eta zergatik gertatu zen. Bide judiziala "berandu" dabilela esan du Etxeberriak, eta ikerketa juridikoan "fede askorik ez" dutela. Hala, ikerketa judizialeko bideak aurrera ez badoaz, "gertatu zena argitzeko" ikerketa paraleloa abiatuko dutela esan du Etxeberriak, eta konpromiso horretan berretsi da.  

Egia argitara

Miguel Castells Udalaren abokatuak esan du, "nahikoa zantzu badaudela" 1984ko martxoaren 22an lau homizidio edo hilketa gertatu zirela frogatzeko. Baina gertaera horien arduradunak zeintzuk diren ez da argitara atera oraindik, eta hori frogatzeko bideak egon badaudela azpimarratu du Castellsek: "Babes eskeko errekurtsoa eskatzen dugu uste dugulako ez direla Pasaiako auziko delituak argitzeko auzi bideak muturreraino eraman. Auzi bidea ez da eraginkorra eta zehatza izan, ez direlako ofizioz ikerketa bide guztiak amaitu. Ezin dugu onartu horiek bukatzea, horrek giza eskubideak urratzen baititu". 

Pasaiako segada aurrez prestatutako operazioa izan zela gogoratu du Castellsek, eta operazio horretan parte hartu zuten poliziak identifikatu nahi dituztela azpimarratu du. Gertaerak berreraikitzea posible dela uste du Castellsek, baina Auzitegiek horretarako nahikoa neurri hartzeko intentzioa agertu dutela esan du Castellsek: "Ez dugu lortu auzitegiek dauden probak onartzea, eta etengabeko konfontrazioan gaude".

"Urte gogorrak, babes falta"

Martxoaren 22an, 33 urte beteko dira Pasaiako segada gertatu zela. Orduko hartan, Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kide hil zituen Espainiako Poliziak Pasaiako badian: Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo azpeitiarrak, eta Rafael Delas Txapas eta Jose Maria Isidro Izura Pelu iruindarrak. Lau gorpuetan, guztira 113 bala zulo zenbatu zituzten. 

Pasaiako segadan hildako Dionisio Aizpuru Kurroren anai Pello Aizpuruk esan du "urte oso gogorrak" izan direla: "Asko sufritu dugu, minduta gaude, ez dugu ulertzen dauden probak egonda ere epaiketa batetara ez iritsi izana". Horrez gain, adierazi du "zigorgabetasunean utzi nahi" dituztela Pasaiako segadako hilketak, baina "egia jakiteko eskubidea ez diela inork kenduko esan du, eta gertatutakoak argitu arte jarraituko dutela azpimarratu du Aizpuruk. Gainera, Udalaren babesa izan badute ere, instituzioen partetik "oso baztertuta" sentitu direla salatu du Dionisio Aizpuru Kurro zenaren anaiak. Aurten, Pasaiako segadaren urteurrenaren bueltan, auzia argitzeko eskatzeko ekitaldia egingo dute martxoaren 25ean Iruñean, eta herritarrei gonbidapena egin die bertan parte har dezaten. 

Arantxa Isart Pedro Mari Isart Pelitxoren arrebak ere azken 33 urteetan Pasaiako segadan hildakoen senideek intituzioen partetik "babesik izan ez" dutela esan du, eta eskerrak eman dizkie Udalari eta herritarrei emandako babes guztiagatik. Horrez gain, Pasaiako segadan gertatu zena ez ahazteko urtero lan egiten duten senide eta lagunen lana azpimarratu du. Bestalde, eskerrak eman dizkie Pasaiako Badia dokumentala egiten ari diren gazteei, eta esan du egiten ari diren lana "txalogarria" dela.