Imanol Manterola zumaiarrak irabazi du VIII. Gau Txori argazki rallya

Uztarria.eus 2017ko mar. 6a, 13:51
VIII. Gau Txori argazki rallyko sari banaketako irudia. (Alberto Beloki)

Aurreneko azpeitiarraren saria, berriz, Angel Rodriguezek jaso du. Joan den zapatuan egin zuten sari banaketa, Sanagustinen.

Aurtengo Gau Txori argazki rallyko argazki bildumarik onena Imanol Manterola zumaiarrarena da. Hala erdietsi du Azpeitiko Argazki Elkarteko (AAE) hainbat kidek osatutako epaimahaiak. Otsailaren 11n jokatu zen gauez egin ohi den rallya, eta joan den zapatuan, martxoaren 4an, egin zuten sari banaketa, Sanagustin kulturgunean.

VIII. Gau Txori rallyko bigarren sailkatua Carlos Mediavilla urretxuarra izan da, eta hirugarren postua eskuratu du Jose Luis Rodriguez barakaldarrak. Aurreneko hiru sailkatuetaz aparte, aurreneko azpeitiarrarentzat ere saria banatzen du Azpeitiko Argazki Elkarteak, eta aurtengoan Angel Rodriguez argazkilariarentzat izan da azpeitiar onenaren saria. 

Zapatuko sari banaketan, Imanol Manterolak 150 euro eta garaikurra jaso zituen Azpeitiko Argazki Elkartearen eskutik; bigarren sailkatutako Carlos Mediavillak, aldiz, 100 euro eta garaikurra, eta hirugarren sailkatutako Jose Luis Rodriguezek 70 euro eta garaikurra. Angel Rodriguezek, berriz, azpeitiar onenaren garaikurra jaso zuen.

Datozen egunetan jarriko dituzte saritutako bildumak ikusgai AAEren webgunean.