Karnabalak 2017

Urteetan atzera eginda, elegante jantzi da Azpeitia

Uztarria.eus 2017ko ots. 26a, 15:07

Elegante. Horrela daude gaur, Jai Karnabala, Azpeitiko kaleak. Eguzkia eta giro ederra ere bisitan etorri dira herrira, eta festak hartu ditu kaleak. XIX. mende bukaerako eta XX. mende hasierako jantziak soinean, ehunka lagun irten dira kalera, prestatutako egitarauaz gozatzera. 09:00ak aldera, Izarraitz Txistulari Taldearen dianak ekin dio egunari, esnatuta zeudenak festa girora hurbiltzeko asmotan. 11:00etan Udal Musika Bandak kalejira egin du Alde Zaharrean zehar, karnabaletako doinuak zabalduz. 12:00etan, aldiz, sokamuturra izan da, eta dozenaka lagun hurbildu da Erdikalera, aurtengo karnabaletako aurreneko sokamuturraren irteeraz gozatzera. 12:30ean Itsasiko artzai-inudeek tradizio bihurtu den kalejira egin dute eta plazan eman diote amaiera. 13:30ean preso eta iheslarien aldeko argazkia atera dute ehunka herritarrek, plazan. Bitartean, herriko txoko ezberdinetan, elegante-elegante jantzitako herritarrek festaz gozatu dute, bakoitzak nahi bezala. 

Bazkaltzeko tartea hartuta, edo hartu gabe, arratsaldean jarraituko du festak. 16:30ean sokamuturra izango da berriro eta 19:00etatik 23:00etara Eonian Elektrotxaranga ibiliko da kalez kale, giroa alaitzen.