Azpeitiko inauteriek badute mozorrotutako mezu ilun bat

Lierni Varela | Iritzia
2017ko ots. 25a, 18:51

Bereziak izan ohi dira inauterien aurreko egunak. Mozorroari azken ukituak eman, falta zaidana inguratu, ahal den heinean dena bezperarako ez utzi... Urduritasun moduko bat sumatzen dut nire inguruan, Elegante Eguna eta astelehena ditut buruan, eta ohartzerako heltzen da igandea. Urte guztia armairuan ondo gordeta egon den trajea atera, eta ahal dudan moduan prestatzen naiz. Eguerdia baino lehen irten, eta kalea giro ederrean egoten da; igandean herria dotore, elegante janzten da, eta astelehenean, berriz, bere alderdirik koloretsuena ateratzen zaio. Baina bada gauza bat festa guztia kolokan jartzen duena.

Jaian sartu bezain pronto entzuten dut nik musika, inauterietako musika da, urtero jartzen dutena, eta badirudi jendeari ez zaiola axola, baina niri belarrian min egiten dit abesti horiek entzuteak. Hor abiatzen naiz plazarantz, eta han hasten da gure CDa kantuan:

Familiako buruzagiak
kontu gehiago ere bai,
lehenago ardoa eran lasai,
orain urrutitik usain,
etxian nago andre zai.

Testuingurua abesti guztien antzekoa da, edatea gustatzen zaion gizonezko bat da protagonista, eta senar horrek, antza, ez du etxean lan askorik egiten. Hala ere, badirudi andreok enbarazu egiten dugula eta honela jarraitzen du abestiak:

Hau da zorioneko,
ezkondu beharra,
ezkondu baino hobetoago
bizi dek mutil zarra

Ziur nago, 'mutil zaharra' ez ezik, 'neska zahar' asko ere bizi direla ezkondu gabe pozik eta kontent. Abestietan familia patriarkalak agertzen zaizkigu behin eta berriz:

Aita ganbaran
ta ama sukaldean
neska-mutil gazteak
eskilerapean

dio, Tturrukuttukuttuku abestiak. Senarra lasai, auskalo zertan, eta etxeko andrea tropa guztiarentzat janaria prestatzen, nola ez! Bada errepertorioan, ordea, emaztea eduki bai baina harekin nazkatuta dagoen gizonik ere:

Neure andrea andre ona da auzoan hala diote;
erositako prezioetan, prezio erositakoetan,
erositako prezioetan, pozikan salduko neuke.

Eta andrea jabego pribatu bilakatzen duenik ere bai, noski!:

Maitea tristea zu zera nerea, nerea zeranez gero, kontsola zaitea.

Urte guztian zehar aritzen gara genero indarkeria salatzen, emakumea ez dela objektu bat aldarrikatzen, eta berdintasuna eta errespetua eskatzen. Inauterietan, ordea, badirudi hori guztia ahaztu egiten dugula, eta urte guztian sustatu nahi izan ditugun balioak mozorrotu egiten ditugu. Horren ondorioz, badirudi zilegi dela egun horietan abesti horiek jartzea, tradizio direlako eta urte mordoa daramatzatelako festa hauetan sartuta. Denborarekin immunitate moduko bat lortu dute, jendeak ez daki hain tipikoak ez diren kantuek zer dioten eta, beraz, ez dute ezer salatzekorik ikusten. Horrez gain, burua festan bertan dugunez, bozgorailuetako musikari, orokorrean, ez diogu garrantzi handiegirik ere ematen (edo agian abesbatzaren letra ez da garbi ulertzen), eta bigarren maila batean zokoratuta gelditzen da.

Batek baino gehiagok galdetuko diozue zuen buruari zergatik ote nagoen kantu hauekin hain tematuta, zergatik sortzen ote didan musika madarikatuak horrelako atsekabea eta sumina. Arrazoia sinplea da, doinu horiek entzutean, gogora datorkit 12 urterekin neu joan nintzela abesbatzakoekin abesti horiek grabatzera, gogora datorkit 12 urterekin ohartu egiten nintzela ai zintzilin-tzin zintzilin maite, ez dizut sartuko ezkondu arte abesten genuela, gogora datozkit letrak eta haien esanahi iluna, eta gogora datorkit zein erraza den festa giroan horrelako mezuak sartzea, baita euskaraz ere.

Inauterietan kalean nabilela musika madarikatua entzuten dudanean, nire burua run-run hasten da abestiak banan-banan kantatzen. Ez nazazue irudikatu, ordea, inauteriak saminduta pasatzen dituen pertsona modura, alderantziz, oso mozorro zalea naiz eta urteko festa zirraragarrienetakotzat ditut inauteriak. Haiek amaitzen direnean malenkoniatsu jartzen naiz, baina, aldi berean, amets egiten dut. Amets egiten dut hurrengo inauteriak heldu baino lehen norbait ohartuko dela abesti horiek ez direla batere egokiak, eta zaharkituak eta matxistak direla, eta itxaropen txiki bat sortzen zait berriro Elegante Eguna heldutakoan beste mota bateko doinuak entzungo ditudala imajinatzean...

Hori gertatu ezean, alabaina, Azpeitiko kaleetan Jeronimo neska txarrekin loratik lorara ederki ibiliko da, Lolitak bere valsa dantzatzen segituko du, Austin atseginak neska gazte guztiak txoratzen jarraituko du eta Antton Porruk neska zahar eta gazte ezingo ditu bakean utzi...

Informazio gehiago

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu