Karnabalak 2017

Festa hasterako, gozatua hartuta

Urola Kostako Hitza 2017ko ots. 24a, 12:34

Lana eskatzen badu ere, Belen Zendoiak "gozatu" egiten du senideei karnabaletarako mozorroak prestatzen. "Oso karnabalzalea" du familia, eta ideiarik eta lanerako gogorik ez zaio falta azpeitiarrari.

Hainbat urtetako karnabaletako dozenaka eta dozenaka irudi txukun-txukun albumetan gordeta ditu Belen Zendoiak (Azpeitia, 1952). Karnabalak baino gustukoago ditu festa horietarako prestaketak, eta urtero lan ederrak hartzen ditu familiakoei jantziak-eta egiteko. Zendoiak dio bera ez dela hain parrandazalea, baina senideentzat karnabalak bereziak direla azaldu du: "Ospatu izan ditut karnabalak, igandean eta astelehenean ateratzen ginen, eta garai batean Ostegun Gizen ere ospatzen genuen lagunekin, baina… Senarra oso karnabalzalea zen, seme-alabak hala dira, eta biloba ere bide beretik dator".

Zendoiak gogoratzen duenez, seme-alabak txikiak zirela, duela 30 bat urte, hasi zen familia osoa Elegante Egunean kalera ateratzen. Orduan ere besteei jantziak egiten aritzen zen Zendoia. "Senarrak nire aitonak egindako trajea janzten zuen, eta semeari eta bi alabei neuk egin nizkien. Nahikoa lan hartu nuen eta neuretzat ez nuen egin, baina batek hala esan zidan kalean: 'Ze, ez al zara jantzi?'. Pixka bat amorratu ninduen hori entzuteak, baina arrazoia zuela ohartu nintzen. ‘Laurak jantzi dira eta ni ez? Gaur arte!’, esan nion neure buruari. Ohegainekoen bila hasi nintzen, eta ordutik urtero janzten naiz".

Senarra duela urte batzuk hil zitzaion Zendoiari, eta hark dio bera Elegante Egunean janztea eta kalera ateratzea omenaldia dela senarrarentzat. "Harentzat oso egun garrantzitsua zen… Irrintzi elkarteko bazkidea zen, eta Elegante Egun goizean krosa egiten zenean mikrofonotik hitz egiten aritzen zen kioskoan".

Erreportajea osorik, Urola Kostako Hitzaren webgunean.