Agustin Jimenez: "Erakunde guztietan adierazi digute babesa, sortu da gure aldeko posizionamendu bat"

Uztarria.eus 2017ko urt. 30a, 20:56
Agustin Jimenez (makurtuta, ezkerretik bigarrena) duela urte batzutako irudian: antolakuntzako kideekin eta eliteko atleta multzoarekin, Diego Garciaren estatuaren aurrean. (Agustin Jimenez)

Azkoitia-Azpeitia Maratoi Erdiak 24. edizioa harrapatuko du aurten, apirilaren 1ean; Interneten izen-ematea martxan da joan den astetik, eta gaurtik aurrera baita ohiko dendetan ere. Urterokoez gain, aurten buruhauste berri bat sortu zaie antolatzaileei, eta ez da txikia: Donostiako maratoi erdiak ezustean data aldatu eta apirilaren 2an egingo dute, Diego Garciaren omenezkoaren biharamunean. "Egoera bada nahiko larria", aitortu du Agustin Jimenez antolakuntzako kideak. Horretaz eta lasterketaren gaineko kontu gehiagotaz hitz egin du Jimenezek Uztarriarekin.

Bi hilabete falta dira aurtengo maratoi erdirako. Antolakuntzari dagokionez, zer eginkizun izaten dituzue azken txanpa horretan?

Aurten asko, ibilbide osoa homologatu behar delako. Baina lehendabiziko kontua kartela bukatzea da. Urteroko babesleekin ari gara hitz egiten eta, horiekin adostasunak lortutakoan, behin betiko kartela argitaratuko dugu. Izen-emate prozesuaren jarraipena egitea ere tokatuko zaigu, eta elkarlan akordioak lotzea. Gasteizko maratoiarekin hitz eginda gaude jada, akordioa ixtea bakarrik falta zaigu, iaz egin genuen antzeko elkarlana egiteko; aurten, gainera, Donostiako Udaberriko lasterketarekin ere antzeko akordioa ixtea nahi dugu. Horiez gain, urteroko eginkizunak izango ditugu: Trafikora baimenak eskatzea, ertzainekin eta udaltzainekin koordinazio bilerak egitea... Prestatu dugun ibilbide berriak abantailak izango ditu haien lanerako, hala uste dugu, Azkoititik Azpeitirako bidean errepidea ez dugulako ukituko, bidegorritik izango da dena. Eta, gure eginkizunetara bueltatuz, urtero bezala lasterketari ahalik eta zabalkunde handiena ematea tokatuko zaigu, promozio lana, ahalik eta jende gehiena etortzea baita gure helburua.

Zenbat jende zaudete antolakuntzaz arduratzen den taldean?

Hamaika lagun gara. Jendaurreko lana, gehien bat, hiruk egiten dugu: Maialen Etxanizek, nire anaia Xantik eta neuk. Beste zortzietatik gehienak lehenengo edizioetatik lanean ari direnak dira, eta egundoko lana egiten dute denen artean. Bakoitzak bere funtzioak dauzka eta izugarria da, lasterketa egunean, nola kontrolatzen dituzten gauzak, bakoitzak zer eta nola egin behar dituen. Denbora gutxiena damarkigunak anaia eta ni gara; atletismoaren munduan ibiltzen ginen eta jendea behar zela-eta sartu ginen. Orain ere behar da jendea eta ea hurbiltzen zaizkigun, Xeye taldetik eta, erreleboa ere behar delako. Lan nekosoa da, borondatezkoa, norberaren lanorduetatik kanpo egin behar izaten dena, batzuetan baita lanorduak horretarako hartu eta gero berreskuratuta ere. Baina lasterketa polita da eta uste dut denok gustura egiten dugula egiten duguna.

Ibilbidea izango da, beraz, aurtengo berrikuntza nagusietakoa.

Ibilbide guztia neurtuta daukagu, baina doitu egin behar da. Homologatze lanak ziurrenik martxo hasieran egingo ditugu, horretarako Espainiako Atletismo Federaziokoak etorriko dira; egun guztiko lana izaten da.

Internet bidezko izen-ematea joan den astean ireki zenuten, eta dendetan gaurtik aurrera eman ahalko da izena. Zer aurreikuspen dituzue?

Beldurrez gaude, pixkat. Gipuzkoako kirol taldeei deialdia luzatzekoak gara, federazioaren bidez; klub gisara izena ematen dutenei deskontutxoa egitea da gure asmoa. Iaz 700 korrikalarik eman zuten izena maratoi erdian, eta 700 gutxi da. Ideala litzateke mila bat parte-hartzailera iristea; eta mila ez badira, 900 inguru. Lasterketa motzean 400 inguru irtetea nahikoa da; aurten zortzi kilometro izango dituzte eta ibilbide polita, aurrekoa ere polita zen, baina neuri berria gehiago gustatzen zait. Denentzako lasterketa egitea da nahi duguna eta, batez ere, azpeitiarrentzat eta azkoitiarrentzat egun berezia izatea. Azkenean, nazioarte mailako lasterketa bat da, eta lehendabiziko ediziotik mimo handiz egin izan dena. Askotan, kanpora joaten garenean baloratzen ditugu gauzak, baina etxean zerbait daukagunean, gehiago kostatzen zaigu. Aurten, Donostiako maratoi erdia hurrengo egunean jarri digutenean, joan garen erakunde guztietan adierazi digute babesa, sortu da gure aldeko posizionamendu bat; horrek animoak ematen dizkigu. Donostiakoaren data aldaketarekin enteratu nintzenean kristoren haserrea harrapatu nuen, ez nuen ulertzen zergatik egin zuten.

Hitz egin al duzue Donostiako antolatzaileekin? Ba al duzue hartu-emanik?

Bai. Orain dela bi aste bilera izan genuen, Donostiako udaletxean; udala, foru aldundia, Gipuzkoako federazioa, haiek eta gu, denak elkartu ginen. Beraien azalpenak eman zituzten, esan zuten lasterketarekin aurrera egiteko data aldatu beharra zeukatela; azterketa eta datu pila bat azaldu zituzten. Iaz, bi lasterketetan parte hartu zutenak 131 besterik ez zirela izan ere esan zuten; baina iaz dagoeneko 300 parte-hartzaile gutxiago izan bagenituen, Aste Santu ondorengo data arraro xamar hartan, ikusi dugu horrek ez duela balio, eta aurrerantzean beti martxo bukaera aldera egingo dugu, hori argi daukagu. Beraz, beste 131 atleta galdu behar baditugu... Galera handia da guretzat, lasterketaren gastu estrukturala handia delako: eliteko atletak ekartzea, zirkuitoa homologatuta egotea, kanonak ordaintzea, federazioko aseguruak ordaintzea... Nahi duguna da lasterketa korrikalarientzat ahal den merkeena izatea, baina baita eliteko lasterketa gisara bere izaera mantentzea ere; ez da helburu nagusiena, baina bai dela gure helburuetako bat lasterketak maila atletikoa mantentzea.

Maila hori egiaztatzen duten hainbat zerrenda eta sailkapenetan aurreko postuetan kokatu da Azkoitia-Azpeitia azken urteetan. Zer suposatzen du horrek zuentzat?

Estamentu desberdinak daude eta zerrenda horiek osatzerakoan erabiltzen dituzten irizpideak ere desberdinak izaten dira. Espainiako federazioak, adibidez, neuri batere gustatzen ez zaizkidan irizpideen arabera osatzen du lasterketen rankina, parte-hartzaile kopuruari ematen diote pisu handiena. Beste erakunde batzuek, aldiz, nagusiki atleten maila eta lasterketaren egunean egindako markak hartzen dituzte kontuan; European Athletics-en zerrendan, bigarren mailakoan [Nazioarteko Atletismo Federazioaren lasterketak daude lehen mailan] urte batean mundu osoko hamargarren maratoi erdi onena izan ginen. Hemen, normalean, maila handiko markak egin izan dituzte. Korrikalari askok nahi izaten dute hona etortzea, badakitelako hemen lortutako markekin beste lasterketa eta goi-mailako proba askotarako ateak irekitzeko aukera izango dutela. Eta haietan bai kobratzen dutela, 20.000-30.000 euro bakoitzak; gurean, guztien artean ere ezin dugu horrenbeste partitu. Baina egiten dugun ahaleginarengatik, jendearen tratuarengatik, oso gustura gelditzen dira. Beraiengatik balitz, batek baino gehiagok errepikatuko lukete; are gehiago, etorri nahi izan duten batzuei ezetza eman behar izan diegu, abioia ordaintzeko ere ez zitzaigulako gelditzen.

Aurtengoa 2018arekin etorriko den 25. edizioaren bezperakoa izango da. Eta zailtasunak areagotzen ari zaizkizue...

Bai, dagoeneko 25. horren zain gaudela esan daiteke. Egoera bada nahiko larria; aurten iazkoaren moduko emaitza pattala izanez gero, dirua ipintzen hasi beharko ginateke, eta hori ez da bidezkoa. Gastuak inoiz baino gehiago ari gara neurtzen, eta atletentzako dirua ere murriztu dugu; aurrekontua doitu beharrean gaude, ezinbestean, eta diru-sarrera gehiago lortzeko ahalegin berriak egiten. Beti gaude pentsatzen lasterketa nola aberastu, kirolariak erakartzeko; 700dik gora izaten badira ondo egongo da, baina hortik behera izanez gero, zerbait pentsatzen hasi beharko gara. Erakundeetan aurkeztu dugu kexa; ezin dena da karrera batek, enpresa bat dena eta ez duena inongo araurik betetzen, inor jakinaren gainean jarri gabe data aldatzea [Donostiako maratoi erdiaz ari da]. Beraiekin egin genuen bileran esan ziguten hurrengo urtean gutxienez hamabost eguneko tartea errespetatuko zigutela; ea hala den eta hitza betetzen duten.