Balentina Agirre Elorza plaza izendatzeko ekitaldia zapatuan egingo dute

Uztarria.eus 2017ko urt. 24a, 18:03
Eneko Etxeberria alkatea, Leire Etxaniz zinegotzia eta Emakumeen Mahaiko Izaskun Egiguren, Balentina Agirreren izena hartuko duen plazan. (Azpeitiko Udala)

Joan den azaroko udalbatzarrean onartu zuten Artzubiko plazari azpeitiar emaginaren izena ematea, Udalak herriko memoria berreskuratzeko eta emakumeen izenak kale izendegian presentzia izateko hartutako konpromisoaren baitan. Zapatuko ekitaldia 12:00etan hasiko da, Agirreren familiakoak eta udal ordezkariak bertan izango dira eta, besteak beste, umeentzako ikuskizuna ere izango da.

Artzubia, Jose Artetxe eta Ildefonso Gurrutxaga kaleen arteko jolas parkea dagoen plazari Balentina Agirre Elorza (Azpeitia, 1918-1987) izena ematea aho batez onartu zuten joan den azaroko udalbatzarrean, bide batez, Azpeitiko kale izendegiari lehendabiziko emakume izena gehituz. Orain, berriz, plaza izendatzeko ekitaldia egingo dute; zapatuan izango da, hilak 28, 12:00etan.

Udalak jakinarazi duenez, Agirreren sendikoek parte hartuko dute ekitaldian, udal ordezkariekin batera. Herritar orori luzatu diote, ordea, gonbidapena. Ekitaldiaren barruan umeentzako ikuskizuna ere prestatu dute; horrela, Maite Franko ipuin kontalariak azpeitiar emagin ezagunaren bizitzaren ipuina kontatuko du.

Lehen emakumea kale izendegian

Udalak herriko memoria berreskuratzeko eta emakumeen izenak kale izendegian presentzia izateko hartutako konpromisoaren baitan erabaki zuten Artzubiko plazari Balentina Agirre Elorza izena jartzea. "Azpeitiko ume asko munduratzeko ezinbesteko izan zen urte luzez Balentina eta, horregatik, plaza izateaz gain haurrentzako parke ere baden plaza hau egokitzat jo genuen", adierazi du Eneko Etxeberria alkateak. Lehendabiziko emakume izena jartzearen prozesua parte-hartzaile izan dela azaldu du, bere aldetik, Leire Etxaniz Parekidetasun zinegotziak: "Emakume Mahaian kale edo plaza bat ondo merezita luketen azpeitiar emakumeen zerrenda egin genuen. Hori Udalera eraman eta Balentinaren izena jartzea aho batez erabaki zen".

Balentina Agirreren ondotik Azpeitiko kale izendegira emakume izen gehiago iritsiko direla gaineratu du alkateak: "Pixkanaka-pixkanaka, izenik gabe dauden kale eta plazei Azpeitiari, historiari, memoriari eta azpeitiarrei loturiko izenak jartzeko konpromisoa dugu".