Joxe Antonio Salegi eta Joxe Mari Gorrotxategi: "Mendian dauden irudi eta sinbolo zaharrak errespetatzeko eskatzen dugu"

Uztarria.eus 2017ko urt. 24a, 17:08
Ezkerrean, Joxe Antonio Salegi 'Kortatxo', eta eskuinean Joxe Mari Gorrotxategi.

Joan den azaroan, urte luzez Azketako iturrian egon den Jesusen Bihotzaren irudia kendu, eta egurrezko lauburua jarri zuten leku berean. Egun gutxira, egurrezko lauburua ere kendu egin zuten Azketako iturritik. Horren aurrean duten iritzia plazaratu nahi izan dute Joxe Antonio Salegi eta Joxe Mari Gorrotxategi baserritarrek.

Izarraitzeko baserritarrak dira Joxe Antonio Salegi Kortatxo (Azpeitia, 1945) eta Joxe Mari Gorrotxategi (Azpeitia, 1941), eta ez daude ados urteetan zehar Azketako iturrian egon den Jesusen Bihotzaren irudia kendu izanarekin. Joan den azaroan desagertu zen irudi zaharra Azketako iturritik, eta hura ordezkatzen zuen egurrezko lauburu baten irudia agertu zen toki berean. Egun gutxira, baina, Jesusen Bihotza ordezkatzeko jarri zuten egurrezko lauburua ere kendu egin zuten iturritik. 

Salegik eta Kortatxok azaldu dutenez, 150 urte inguru zituen Azketako iturritik kendu zuten Jesusen Bihotzak, eta hura kentzearekin "min egin" diote pertsona askori: "Irudi hark ez ezion inori minik egiten, eta kendu izanarekin min handia egin diote herritar askori, tartean guri”, azaldu dute. Horregatik, Izarraitzeko baserritarrek Azketako Jesusen Bihotzaren irudia berriro jartzeko eskatu nahi diote Udalari: "Sinbolo zaharra kendu zuenak ez du berriro jarriko, hori Azpeitiko Udalaren eskumena da. Horregatik eskatzen diogu Udalari Jesusen Bihotzaren irudi berdina jartzeko, ahalik eta antzekoena".

Gainera, Udalak laguntzarik behar izango balu, eurak laguntza emateko prest daudela esan dute. "Mendiko gurutzeekin berdina gertatu zen orain dela urte batzuk. Haiek berriro jartzen ibili ginenok adineko herritarrak ginen, horregatik eskatzen diogu laguntza Udalari", adierazi dute Izarraitzeko bi baserritarrek.

Errespetua irudi zaharrei

Salegik eta Gorrotxategik urte luzez mendian egon diren ikurrak eta sinboloak "dauden bezala uzteko" eta errespetatzeko eskatzen dute: "Herritarrek urteetan mendian dauden sinbolo eta ikur zaharrak errespetatzea nahi dugu, dauden bezala uztea, hain zuzen. Mendizale asko ibili da urte luzez horiek zaitzen, tartean Joxe Urbieta Takolo, eta errespetua eskatzen dugu". Horregatik, lehendik zeuden ikurrak errespetatuz berriak jartzeko aukera badagoela azpimarratu dute. "Norbaitek ikur berriren bat jartzea nahiko balu, Azketako iturriko egurrezko lauburua bezala, jar dezala ikur zaharraren aldamenean, bestea estali gabe. Edo bestela, joan daitezela udaletxera, eta azaldu dezatela euren kexa, baina ezkutuan ikurrak kentzen aritu gabe", esan du Gorrotxategik. Herritarrak, eurek hala erabakita, Izarraitzeko ikur guztiak puskatzen edo kentzen hasiko balira "hautsak harrotuko" liratekeela esan dute, "horrela pizten baita sua".

Udalak mendiko sinbolo zaharren gaiaren inguruan erabakirik hartzen ez badu, Azketako iturriko irudiarekin zer egin orduan ikusiko dutela adierazi dute Gorrotxategik eta Salegik.