Sansebastianak 2017

Agur sansebastianei, beste urte batez

Uztarria.eus 2017ko urt. 21a, 02:34

Bandera jaistearekin batera bukatu dira 2017ko sansebastianak. Atzo, San Sebastian eguna, udaletxeko erlojuan 23:15ak pasatxo zirela abiatu ziren Bustinzuriko Errebaletik banderaren jaitsierako danborradan parte hartu zuten taldeak. Aurten, San Sebastian eguna ostirala izanik, ohikoa baino talde gehiago irten ziren kalera, hamabi talde, hain zuzen:  Itsasi, ISBren taldea, Gure Ametsa, Harkaitza, Etxera, Loiolabide-Zahar, Arrantzaleak, Zokoa, Ardozaleak, Sanjuandegi, Alkartasuna eta Basazabal. Danborra joaz ohiko ibilbidea egin ostean, plaza Nagusian bukatu zuten ibilbidea. Gauerdian jaitsi zuten bandera, San Sebastian Martxaren doinuekin batera.

Aurten, berezitasun bezala, Quintana de la Serenako (Extremadura, Espainia) Jose Antonio Benitez alkateak eta udal ordezkariek parte hartu dute bandera jaistearen ekitaldian, eta Azpeitiko Udalaren eskutik oroigarri bat jaso dute. Horiez gain, Extremaduran jaio, baina Azpeitian bizi diren hainbat herritar ere igo dira udaletxeko balkoira.  Ideia hori orain dela gutxi hasitako "harreman bat sakontzeko" aukera gisa ikusi du Azpeitiko Udalak, "Quintana de la Serenako ordezkariek San Sebastian jaiak ezagutu nahi zituztelako, eta beraien hainbeste herritar bizitako herria ezagutu eta harremana estutzea nahi zutelako".