Aritz Orbegozoren gutuna, Azpeitiko Udalari erantzunez

Uztarria.eus 2017ko urt. 19a, 11:14
Izarraizko Atea parkea eraikiko duten lur zati bat. (Nerea Uranga)

Aritz Orbegozo Esklaba inguruko lur zati baten jabeak Josu Labaka Azpeitiko Udaleko zinegotziaren gutunari erantzun dio. Joan den asteburuan gutun bat plazaratu zuen Orbegozok, eta hari erantzun zion Labakak asteartean. Honako hau, Labakaren gutunari erantzunez Orbegozok idatzitako testua da: 

"Garbi dago gai hau bi pertsonen arteko ika-mika esparrura desbideratu nahi duela udalak, baina benetako arazoa Azpeitian zonalde horretan Hirigintzan hartu diren erabaki desegokien ondorioetako bat besterik ez da.

Ondorengoa azaldu nahi genuke (berriro):

1. Izarraizko Atea parkearen lehenengo fasearen kontra ez daukagula ezer, parkea udalaren lurretan egingo da, eta erabilpen publikoa izango du.

2. Parke horren bigarren fasean dago arazoa. Bigarren fase horrek Esklaba atzean Luciano [Soraluze] egiten ari den etxeen urbanizazioa eta parkea uztartuko ditu. (Iturria: http://azpeitia.eus/index.php/es/component/content/article/4592-izarraizpeko-atearen-proiketuko-lanak)

Proiketuko lanak

Proiektu hori aurrera eramateko beharrezkoa den lurren zati baten jabegoa dugunez, udalari garbi utzi diogu hasieratik gure lurretan jarraitzea nahi dugula, eta etorkizuneko parke horrekin elkarbizitza uztartzen duen planteamenduak jarri zaizkio mahaiaren gainean.

Udalaren erantzuna ezezkoa izan da, eta garbi adierazi du momentua iristen denean gure lurrak expropiatu egingo dizkigutela.

Bukatzeko, eta ez luzatzearren, "lurjabeen presiopean ez gara makurtuko" esaten diozue herriari. Guk zer presio egin dugu? Hobeto esanda, gu zer presio egiteko gai gara? Benetan presioa egiteko boterea dutenek zazpi pisuko etxeak egiteko baimenak lortzen dituzte, eta besteok lurrak galtzen ditugu etxe horien atariak "politago" jartzeko.