Azpeitiko sagardo berria, dastatzeko prest

Uztarria.eus 2017ko urt. 13a, 23:36

Txotxeko sagardoaren denboraldia festa giroan ireki dute gaur, ostirala, Elosiagako Añota sagardotegian. Mikel Larrañaga aizkolaria izan da aurten sagardo berriaren lehen tragoa dastatzeko ohorea izan duena. 200 lagun inguru elkartu dira Añotan, tartean aurreko urteetan aurten Larrañagak izan duen eginbeharra izandako hainbat; horien artean egon dira ekitaldian bertso bana bota duten Sebastian Lizaso, Iñaki Murua eta Andoni Egaña. Kupelen bueltan hasi den festak jantokian izan du jarraipena, afariarekin, eta ondorenerako ez da falta izan Kupela taldekoen musika.