Haustura batek loratutako pasioa

Urola Kostako Hitza 2017ko urt. 11a, 12:25
Olatz Alkorta, Frida Khaloren koadroa atzean duela. (Julene Frantzesena)

Olatz Alkorta azpeitiarrak bere lanekin osatutako lehen erakusketa jarri du Aisialdi tabernan. Hamar artelan eskegi ditu hango hormetan, eta otsailaren bukaerara arte egongo dira ikusgai.

Ezkerreko besoko ukondoa hautsi eta beste eskuarekin pintatzeari ekitea, biak bat. Igeltsuarekin zela "beste ezer egin ezin", eta txikitatik gustuko zuena egiten hasi zen Olatz Alkorta (Azpeitia, 1988). Lehen ere margotzen aritutakoa zen, eta duela urte gutxi berriz heldu zion "deskonektatzeko eta lasaitzeko" balio dion denborapasari. Halere, urratsa eman, eta oraintsu jarri du bere lehen erakusketa. Hain zuzen ere, otsailaren bukaerara arte Azpeitiko plazako Aisialdi gastrotokian izango dira haren lanak ikusgai. Jendea "harritu" egin dela dio Alkortak: "Ez zekiten pintatzen nuenik".

Erakusketa "kasualitatez" jarri duela dio, tabernaren jabeei berak galdetu baitzien lanak bertan erakusterik ba al zuen. "Taberna ederra iruditzen zait erakusketak jartzeko, sartu orduko lan guztiak ikusten baitira". Bada, baina, koloreengatik-eta tabernaren ataritik ere atentzioa ematen duen lan bat: Frida Khalorena. Ez da kasualitatea; izan ere, Alkortak oso gustuko du Khalo: "Istripu bat tarteko hasi zen margotzen, eta kostatuta lortu zuen ospea. Gustatu egiten zait. Margolan oso ederrak ditu, eta haren autoerretratuak oso koloretsuak dira". Khaloren irudiei belarritakoak jartzen dizkie Alkortak: "Erakusketa honetan jarri dudan lanak anaiak Danimarkatik ekarri zidan eta parerik gabe nuen belarritako bat dauka itsatsita. Ez nuen nahi botatzea, eta koadroan sartu nuen. Khalo marraztu dudan gainerako margolanei ere jarri dizkiet belarritakoak, eta baita oihal zatiak ere".

Erreportajea osorik, Urola Kostako Hitzaren webgunean.