Inoiz baino bisita gehiago izan ditu Uztarria.eus-ek 2016an

Uztarria.eus 2017ko urt. 4a, 17:54

Inoiz baino bisita gehiago izan ditu Uztarria.eus-ek 2016. urtean: 1,3 milioi, eguneko 3.676 bisita baino gehiago. Gero eta bisita gehiago dator mugikorretatik eta sare sozialetatik.

Inoizko daturik onenak izan ditu Uztarria.eus-ek 2016an; izan ere, 1.345.172 bisita izan ditu Uztarria Komunikazio Taldearen webguneak, 2015. urtean baino %11 gehiago. Erakutsitako orri kopurua ere hazi egin da, eta hiru milioi orri baino gehiago erakustera iritsi da Uztarria.eus; 3.206.809 orri, hain zuzen ere. Horrek esan nahi du egunero-egunero, batez beste, 3.676 bisita izaten direla webgune honetan eta 8.762 orri inguru erakusten direla.

Datu horiek, StatCounter zerbitzuak ematen ditu. Zerbitzu horrek zenbatzen ditu 2005. urtetik (webgunea 2002. urtetik dago martxan) webgunearen bisitak modu publikoan, eta sarean ikus ditzakezue datu guztiak.

Google Analytics-en datuak

Goian aipatutako zerbitzu publikoaz gain, Google Analytics tresna ere erabiltzen du Uztarria.eus-ek bestelako datuak ateratzeko. Hango bisita kopuruak beti dira apur bat txikiagoak (1.220.738) eta orri kopuruak, handixeagoak (3.226.612 inguru), sesioak kontabilizatzeko logika desberdina erabiltzen baitute zerbitzuok, baina proportzioa eta joera mantentzen da urtetik urtera. 

Mugikorrak gora

Mugikorretatik gero eta jende gehiago sartzen da Uztarria.eus-era. 2015ean goranzko joera nabarmena zen, eta aurten areagotu egin da. 2016. urtean mugikorretetatik etorri dira bisiten %47,49, ordenagailuetatik %43,92 eta tabletetatik %8,59.

Sare sozialak

Sare sozialek gero eta pisu handiagoa dute Uztarria.eus-eko bisitarientzat ere. Izan ere, haietatik datoz bisiten %24 inguru. Sare sozialen kasuan, Facebookek du pisurik handiena; sare sozialetatik etorritako bisiten %85,67 dator handik.

Bisiten iraupena

Bisita bakoitzeko, batez beste, erabiltzaileak ia hiru minutu ematen ditu Uztarria.eus-n. Tarte horretan, 2,37 orri bisitatzen ditu erabiltzaileak. Webgunera ordenagailutik sartzen diren erabiltzaileek ematen dute bertan denbora gehien; batez beste, 03:32 minutu, hain zuzen. Tabletetatik sartzen diren irakurleek, berriz, 02:51 minutu. Mugikorretik sartzen diren irakurleak dira webgunean denbora gutxien ematen dutenak; 02:40, hain zuzen.

 

Eskerrik asko 2016an Uztarria.eus bisitatu eta elikatu duzuen guztioi. Datu horiek guztiak pizgarriak dira guretzat, lanean jarrai dezagun. Eta ez ahaztu: zuek ere bazarete Uztarria.eus, eta zuen egitasmoen, lanen edo ideien berri emateko gaude.