Gaur arte 630 korrikalarik eman dute izena San Silbestre lasterketan

Uztarria.eus 2016ko abe. 29a, 12:35
Iazko San Silbestre lasterketako irudia.

Bihar amaituko da proba nagusian zein patinetako lasterketan izena emateko epea. Lasterketa nagusia 12:00etan hasiko da, eta patinetakoa 11:15ean. Bi proba horiez gain, iaz bezala, aurten ere lasterketa irekia eta inklusiboa antolatu dute Xeyek eta Txolartek, eta hori 10:45ean hasiko da.

Hamaseigarren urtez jarraian, etzi, abenduak 31, San Silbestre lasterketa izango da Azpeitian, eta dagoeneko 630 lasterkarik eman dute izena. Horietatik 371 dira azpeitiarrak. Bestalde, duela bi urte hasitako bideari jarraituz, 11:15ean, patinatzaileentzako lasterketa egingo dute. Lasterketa horretarako 45 lagunek eman dute izena gaur artean, eta horietatik zazpi dira azpeitiarrak.

Herri lasterketan parte hartzeko internet bidezko izen-ematea zabalik dago oraindik, eta bihar, ostirala, amaituko da, 12:00etan. Proba nagusirako izena Kirolprobak.com atarian eman behar da, zortzi euro ordainduta. Patinatzaileen proban parte hartzeko izen-ematea ere bihar amaituko da, eta webgune berean egin behar da, hamar euro ordainduta. Patinatzaileek kaskoa eta babesak eraman beharko dituzte parte hartu ahal izateko. Egunean bertan ere eman ahalko da izena lasterketa nagusian irteteko, beti ere dortsalak sobratuz gero. Plazan eman beharko da izena, 11:00ak bitartean, hamabost euro ordainduta. 100 lagunek hartu ahalko dute parte patinatzaileen proban, eta 900 korrikalarik lasterketa nagusian. Eskolarteko probak eta lasterketa irekia, berriz, debalde izango dira. Kasu horietan, egunean bertan eman beharko da izena, lasteketa aurretik, plazan. 

Iaz bezala, aurten ere lasterketa irekia eta inklusiboa antolatu dute Xeyek eta Txolartek. 400 metroko ibilbidea izango du, eta 10:45ean hasiko da.

Hau da abenduaren 31ko lasterketen programa:

10:00. Benjamin neskak: 700 metro.

10:05. Benjamin mutilak: 700 metro.

10:10. Alebin neskak: 1.300 metro.

10:20. Alebin mutilak: 1.300 metro.

10:30. Infantil neska-mutilak: 1.900 metro.

10:45. Lasterketa irekia eta inklusiboa, Txolartekoekin batera antolatuta: 400 metro.

11:15. Patinatzaileen lasterketa, plazatik irtenda.

12:00. Lasterketa nagusia: 6.000 metro.

Autobus geltokietan aldaketak

San Silbestre lasterketak direla eta, hilaren 31n, 11:00etatik 13:00etara, Julian Elorza kaleko, Burdinbidearen Euskal Museoko eta anbulatorio aurreko geltokietan ez du geldiunerik egingo autobusak. Julian Elorza kaleko eta Burdinbidearen Euskal Museoko geltokiak bariantera lekualdatuko dituzte ordu tarte horretan. Anbulatorioko geltokia, berriz, Esklaba aurrekoarekin ordezkatuko da.