Sei txango eta danborrada, Azpeitia-Hazparne senidetzaren 30. urteurrena ospatzen hasteko

Uztarria.eus 2016ko abe. 23a, 19:15
Ezkerretik eskubira, Aitor Bereziartua, Aitor Unanue, Josu Izagirre eta Mikel Ibarzabal.

2017an bi herrien arteko harremana sendotzeko hainbat egitasmoa gauzatuko dute. Gaur aurkeztu dituzte lehendabizikoak: Lagun Onak MBk bi herriak oinez lotuko ditu urtarriletik ekainera bitartean, eta sansebastianetako umeen danborradan Hazparneko talde batek hartuko du parte.

2017an beteko dira 30 urte Azpeitia eta Hazparne senidetu zirela eta, urteurren borobil hori "aitzakia bezala" hartuta, "senidetzari bultzada berria" ematea pentsatu dute bi herrietako ordezkariek. Hala adierazi du gaur, ostirala, Aitor Bereziartua Azpeitiko Udaleko zinegotziak, Mikel Ibarzabal zinegotziarekin eta Lagun Onak Mendi Bazkuneko Aitor Unanuerekin eta Josu Izagirrerekin emandako prentsaurrekoan.

Bereziartuak azaldu duenez, 2015eko irailean hasi ziren 2017ra begira lanean Azpeitiko Udala eta Hazparnen senidetzaren kontuez arduratzen den batzordea. "Bi herrietako kultur eta kirol taldeak harremanetan jartzen aritu gara, elkarlana sustatzeko eta zer antolatu dezaketen ikusteko". Horrez gain, industria, nekazaritza eta turismo arloetan ere "harremanak sendotzea" nahi dute, "sortu daitezkeen bideak ireki nahian". Urtemuga baliatuz "olatu handi bat sortu" nahi dutela esan du Bereziartuak, eta asmo horrekin aritu dira lanean 2016an.

Hastear den urtean zehar hainbat egitasmo garatzea espero dute eta, horren erakusle, dagoeneko lotuta eta laster gauzatuko diren biren berri eman dute gaurko agerraldian: Lagun Onak MBk Azpeitia eta Hazparne oinez lotuko dituen sei ibilaldi prestatu ditu, urtarriletik ekaina bitartean egiteko; eta datozen sansebastianetan, karrozaren gaia senidetza izateaz gain, umeen danborradan joko du Hazparneko haurrekin osatutako taldeak.

"Ibiltarientzat" gonbita, Uztarriarekin elkarlanean

Udalak joan den udan luzatu zien proposamenari erantzunez, Lagun Onak Mendi Bazkunak 2017ko urteurrena ospatzeko egitasmoa prestatu du: Azpeitia eta Hazparne oinez lotzeko ibilbidea prestatu eta sei etapatan egingo dute, urtarriletik ekainera hilean behin txangoa eginez. Ibilaldi bakoitzaren aurretik izen-emate epea irekiko dute. Hauek dira prestatu dituzten etapak eta egutegia:

  • Urtarrilak 14: Azpeitia-Zarautz (26 kilometro). Egun horretan Bilbon presoen eskubideen alde egingo den manifestazioa dela eta, Zarauztik itzultzeko bi autobus jarriko dituzte, bata Azpeitira eta bestea Bilbora.
  • Otsailak 11: Zarautz-Donostia (25 kilometro).
  • Martxoak 18: Donostia-Hondarribia (30 kilometro; Pasaiako badia txalupan zeharkatuko dute).
  • Apirilak 8: Hondarribia-Sara (30 kilometro; Hondarribiatik Hendaiara txalupaz pasatuko dira).
  • Maiatzak 6: Sara-Kanbo (27 kilometro).
  • Ekainak 4: Kanbo-Hazparne (10 kilometro). Egun horretan Hazparnen ospatuko duten Hiru Zango festarekin bat egingo dute, eta hor aukeran izango diren hiru mendi ibilaldietako bat egiteko modua izango dute..

Aitor Unanuek gogoratu du egin izan dituztela lehen ere "tankerako gauzak, elkartearen 50. urteurrenean Euskal Herriko mendilerro nagusienak edo Gipuzkoako itzulia, eta Azpeitiaren 700. urteurrenean Mugaz Muga. Horrelako gauzek nahikoa arrakasta izaten dute". Hazparnekoekin elkarlanean osatu dute proiektua; hango lagunak arduratu dira, esaterako, Lapurdiko partean egingo diren etapen ibilbideak-eta zehazteaz. Helburu nagusia, Unanueren eta Izagirreren esanetan, "publiko ororentzako moduko" ibilaldiak prestatzea izan dute. "Mendizaleentzat baino, ibiltarientzat" egokitutako ibilbideak direla azpimarratu du Josu Izagirrek, "edozeinek animatzeko modukoak", eta herritar guztiei luzatu die parte hartzeko gonbita. Sei ibilbideak osatzen dituztenei oroigarria emateko asmoa ere badu Lagun Onak MBk.

Egitasmoari zabalkundea emateko, Uztarriarekin elkarlanean ariko dira mendizaleak, "bai aurretik eta bai ondoren" ibilaldi bakoitzaren informazioa, irudiak zein kronikak emateko. Gainera, ibilaldietan jasotzen dituzten argazki, bideo, elkarrizketa eta abarrekin ikus-entzunezko bat ere osatu nahi dute, egitasmoa bukatu ondoren jendaurrean emateko, bai Azpeitian eta bai Hazparnen. Ibilbideen "informazio tekniko osoa" ere gordeko dute, "etorkizunean baten batek erabili nahiko balu ere".

Hazparneko ikasleak Azpeitiko danborradan

San Sebastian eguneko umeen danborrada Azpeitia-Hazparne senidetzaren 30. urteurreneko ikur bihurtuko da. Danborradan aterako den karroza urteurrenari eskaintzea erabaki zuen bere garaian Udalak. Baina, gainera, danborrada osatzen duten herriko hamar taldeei beste bat gehituko zaie datorren urtarrilaren 20an, Hazparneko hiru ikastetxeetako haurrek osatuko dutena. "40 bat ume" etorriko dira Hazparnetik Azpeitira danborra jotzera, Mikel Ibarzabal Festa batzordeburuak jakinarazi duenez. "CD-a bidali diegu, piezak entseatu ditzaten". Hazparneko Udalaren banderarekin etorriko direla gaineratu du Ibarzabalek "eta beraiek hango danborradan erabiltzen dituzten jantziekin" etorriko direla. Sanjuanetan egiten dute danborrada Hazparnen; 2017an, ekainaren 25ean izango dute, eta hara joateko gonbita ere jaso dute dagoeneko Azpeitian.

Datorren San Sebastian egunean, danborradan atera ondoren hemen bazkalduko dute hazpandarrek, etxera itzuli aurretik.