Lo hartu gabe

Uztarria.eus | Euskara
2016ko abe. 20a, 16:11

Abenduko Uztarria herri aldizkaria webgunean osorik irakur daiteke jada, PDF formatuan, hemen. 189. zenbaki horretarako euskararen kale neurketatik abiatuta egindako erreportajea da hona ekarri duguna.

Umeak tartean dauden solasaldietan askoz ere gehiago egiten da euskaraz, %85, hain zuzen ere.  Ikusi haundiago | Argazki originala

"Etxean eta kalean, berdin-berdin jolasean, eskolan, lanean, borrokan eta bakean, dakitenek erabiliz, ez dakitenek ikasiz, herri bat osaturik euskaraz nahi dugu bizi (...)". Imanol Urbieta euskal musikari eta idazle zenaren Behin betiko abestiaren letrek hala diote. Azpeitiko Udalak eta Soziolinguistika Klusterrak euskararen kale erabileraren neurketaren inguruan argitaratutako datuek adierazten dute euskarak osasun ona duela Azpeitian. Nolanahi ere, "zaintza lanetan erne jarraitu" beharra dagoela adierazi du UEMAko lehendakari Josu Labakak. Euskara batzordeburuarekin ez ezik, Natul Azpeitiko euskara taldeko Garbiñe Bereziartuarekin eta herriko ikastetxeetako ordezkariekin hitz egin du Uztarriak gaiaren inguruan.

Zifra onak, baina...

Plazaratutako datuak "oso onak" direla eta euskara herrian "hain osasuntsu egotea pozgarria" dela dio Natuleko Garbiñe Bereziartuak. "Halako datuak izatea makina bat herrik nahiko luke, baina, erosotasunean erori gabe, zenbaki horiei zehatzago begiratuta, kontuan izan beharreko hainbat puntu daude".

Neurketek erakusten dutenaren harira, Azpeitia eredu den arren, alda daiteke egoera, zazpi urtetan 4,3 puntu jaitsi baita euskararen erabilera herrian. Bereziartuaren esanetan, "ez da esanguratsua" jaitsiera, baina "bai argitaratu beharreko datua" da euskararen "erabilera 65 urtetik gorakoen artean soilik hazi" izana. Natulentzat "kezkagarria" da, gainontzeko hiru adin tarteak aztertuz gero, "adinean aurrera joan ahala, euskararen erabilera jaisteko joera" izatea. Izan ere, umeek %90 egiten dute;‚Äągazteek %83 eta helduek %76. "Bereziki, helduena den tarte horretan besteetan baino nabarmen gutxiago erabiltzen da, eta hori ere kontuan hartzeko datua da".

Pertsonen arteko elkarrizketak neurtu ditu klusterrak, eta umeak tartean daudenetan askoz ere gehiago egiten da euskaraz, %85. Edo bestela esanda, umeak tartean ez badaude ez da hainbeste egiten: %74. Haurrek beren arteko solasaldien %96 euskaraz egiten dutela kontuan izanda, "kristoren aldea" dago, dio Bereziartuak: "Hor bada esaera bat, euskara txakurrentzat eta umeentzat, ba mezu hori ari gara ematen". Zentzu horretan, "jarrera horiek zaindu beharrekoak" direla gaineratu du, "umeek helduek egiten dutena imitatzen" dutelako, eta transmisio horretan "helduak eredu" direlako.

Natulek eskatuta, klusterrak aurrenekoz aztertu du hitanoaren erabilera, eta aitzindaria Azpeitia izan da. Ikerketaren arabera, entzundako hamar solsaldietatik ia bitan erabiltzen zen hitanoa. "Eskertzekoa da ikerketa egin izana, baina datu horrek nora eramaten gaitu? Ez dakigu. Denok jabetzen gara hitanoaren erabilera behera doala, eta noka hilzorian dagoela. Baina hitanoaren inguruan egin behar den lanketa beste era batekoa da".

Lanketa proposamenak

Argitaratutako datuen inguruan "hausnartu eta horien aurrean zerbait egitea" Azpeitiko herriari dagokiola adierazi du Bereziartuak. Natul elkarteak "esku hartzeko moduko bi eragingune" aurreikusten ditu: helduak eta gazteak. Lehenengo adin tarteari dagokionez, doako euskalduntzearen inguruan "Azpeitiko Udalaren apustua txapela kentzekoa" dela dio, baina euskaltegiko eskaintza "ordutegiari eta ordu kopuruei dagokienez, zabalagoa eta malguagoa izatea eta euskara on-line ikasteko aukera eskaintzea" proposatu dituzte. Bestalde, ondorengo belaunaldien "eredu" helduak direnez, haiei zuzendutako "kontzientziazio kanpaina" egitea ere nahi dute. Gabonetarako, berriz, Azpeitiarrez natul ekimena martxan jarri asmo du Natulek. "Azpeitiko hitzen eta esamoldeen bilketa egin nahi dugu. Horretarako, webgunea sortu dugu, eta hasiak gara errepertorioa gizentzen, baina herri mailan osatutakoa izatea nahi dugu, ikastetxeen, herriko taldeen eta norbanakoen parte-hartzearekin".

Gazteen artean, berriz, "gaztelaniaren eragingune handiena etorri berriak" direla adierazi du Natuleko kideak. Horiek, etorri berritan, murgiltze programa intentsiboa egitea "hartu daitekeen neurririk eraginkorrena" dela dio, "gainontzeko aterabide guztiak adabakiak jartzea" direla iritzita. Aipatutako egitasmoa "pixka bat konplexua" dela dio, arrazoi ekonomikoengatik eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailaren eskumenekoa delako, baina "egiten dena baino gehiago egin daitekeela" azaldu du.

Azpeitia zergatik den hain herri euskalduna galdetuta, hainbat faktore aipatu ditu Bereziartuak. "Hasteko, kokapen geografikoa. Zuloan gaude, eta baliabide egokirik ez izateak ez du leku erosoa egiten bizitzeko". Bestalde, 1950. eta 1960. hamarkadetan Azpeitira etorri zirenek hurrengo belaunaldia euskalduntzeko egin zuten "ahalegina" ere azpimarratu du. Horrez gain, Azpeitian "arau soziala" euskaraz egitea dela gaineratu du, eta "etxeko transmisioak ere iraunarazten" duela euskararen egoera "osasuntsu". Era berean, dio "oro har, azpeitiarren errepertorio linguistikoa oso aberatsa" dela, "batua, euskalkia eta hitanoa" ditugulako. Eta aitatu du aurreko belaunaldiek "euskara bizirik mantentzeko egoera latzak bizi eta lan asko egin behar" izan zutela, eta "kontzientzia hark ere lagundu" duela transmisioan.

Ikastetxeetako errealitatea

Zaindu beharreko altxorra da euskara, eta haren etorkizuna bermatzeko gakoa dira haurrak eta gaztetxoak. Herriko lau ikastetxeetan ikasketak D ereduan eskaintzen dituzte, eta "giroa oso euskalduna" da, baina ikasleen artean, oro har, euskararen erabileran "jaitsiera txiki" bat eman dela adierazi dute ordezkariek. Joera horretan eragina duten faktoreen inguruan galdetuta, "gaztelaniaren eragingune nagusienetakoa etorkinak" direla diote aho batez Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraiko Arantxa Letamendiak, Iraurgi Ikastetxeko Maje Agirrek, Azkoitia-Azpeitia BHI Urola Ikastolako Ruben Epeldek eta Azpeitiko Ikastola Ikasberri Kooperatibako Marijo Ezamak.

Epelderen esanetan, gaur egun "familia tipologia berriak" daude, "elebitasunetik eleaniztasunera pasatu gara, eta etorkinekin harrera planetan-eta zer hobetua" badago. Agirrek dio "hizkuntza jatorria gaztelania duten etorkinen kasuan gehiago kostatzen" dela horiek euskarara hurbiltzea. "Datozen lurraldearen arabera euskara ikasteko beharra desberdina dute. Pakistandarrek, adibidez, euskara bereganatzeko jarrera irekiagoa dute, ez dute-eta gaztelania ezagutzen".

Euskal Herrira etorritako ikasleei lehen bi ikasturteetan eskaintzen die laguntza Eusko Jaurlaritzak, ikastetxeetan euskara ikasi ahal izateko. Letamendiaren esanetan, ordea, "ez da gauza bera ikasle horrek lehen bi urteak Eibarren edo Azpeitian egitea"; eta dio horiei euskara irakasteko eskolan dituzten baliabideak, HIPIaren figura, esaterako, "eskasak" direla eta "indartu beharra" dagoela. Horren aurrean, ordezkari guztiak bat datoz esatean Azpeitira bizitzera etorritako atzerritarren seme-alabei euskararen ezagutzan eta erabileran sakontzen laguntzeko neurririk eraginkorrena, "eskolan hasi aurretik etorkinei ikastaro trinkoa eskaintzea" dela.

Alabaina, gaztelaniaren eragingune edo zama guztia "ezin zaie etorkinei egotzi", ikastetxeetako lau ordezkarien esanetan. Agirreren esanetan, "haurren eta gazteen ereduak gu gara, helduak, eta transmisio horretan dugun paperaz eta arduraz jabetzea garrantzitsua da, etxetik hasita". Era berean, Letamendiak dio "sare sozialek eta telebistan nahiz Interneten ikusten dituzten saioek eragina dutela, gaztelaniaz kontsumitzen baitituzte". Guzti horren aurrean, "hizkuntza jarreretan eragin beharra" dagoela adierazi du Epeldek: "Oraindik ere euskara bi funtzio informalekin lotzen dugu, etxea eta lagunartea; baina hor badira beste funtzio batzuk, herria eta nazioa, eta zoritxarrez horiek irabaztea falta zaigu".

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu