Amelie arropa dendak irabazi du V. Erakusleiho Lehiaketa

Uztarria.eus 2016ko abe. 19a, 17:20
Ezkerretik eskubira, Karmele Zabaleta (Bertan), Agustin Lizarralde zinegotzia, eta aurtengo hiru saridunak, atzean Amelie dendako erakusleihoaren irudia dutela.

Bigarren saria Ederti dekorazio dendarentzat izan da, eta Nerea Eskulanakek lortu du hirugarrena. 28 saltokik hartu dute parte aurten Udalak Bertanekin elkarlanean antolatutako lehiaketan.

Amelie arropa dendak irabazi du Dendarien V. Erakusleiho Lehiaketa. Udalak eta Bertan Merkatari Elkarteak gaur, astelehena, jakinarazi dituzte aurtengo edizioan sarituak izan direnen izenak. Hiru sari banatzen ditu lehiaketak: irabazleari dagozkion 600 euroak jaso ditu, horrenbestez, Amelie dendak; Ederti dekorazio dendarentzat izan da bigarren saria (400 euro); eta Nerea Eskulanak saltokiak lortu du hirugarrena (200 euro).

Xabier Aldalur Bertaneko teknikariak jakinarazi duenez, aurten 28 saltokik hartu dute parte lehiaketan, eta epaimahaiak gauez egin du erakusleihoen balorazioa, "argiak ere baloratzeko helburuarekin". Agustin Lizarralde Merkataritza zinegotziaren hitzetan, "gero eta gehiago hartzen dute kontuan merkatariek beren produktua ondo erakustea eta originalak izatea, eta hori poztekoa da guretzat". Merkatariei eskerrak ere eman nahi izan dizkie Lizarraldek, "lan asko" egin dutelako.