Abenduaren 16an amaituko da Irudhitzen lehiaketara testuak bidaltzeko epea

Uztarria.eus 2016ko aza. 30a, 11:45

Testu onenak 150 euroko saria jasoko du. Pertsona bakoitzak bost irudiri jarri ahal dizkio hitzak, eta gehienez 100 hitzeko testuak aurkeztu daitezke.

Azaroaren 16a izango da Uztarria Komunikazio taldeak, Kultur Mahaiak eta Argazki Elkarteak elkarlanean antolatutako Irudhitzen lehiaketara testuak aurkezteko azken eguna. Joan den azaroaren 25ean jakinarazi zuen Izaskun Zeziagak, Juan Mari Ibarzabalek, Mikel Cagigalek eta Gorka Arregik osatutako epaimahaiak zein diren 2017ko egutegia osatuko duten hamabi argazkiak. Orain, hamabi irudi horiei hitzak jartzeko txanda da. Testu onenak 150 euroko saria jasoko du.

Honakoak dira testu lehiaketaren oinarriak:

  • Pertsona bakoitzak gehienez bost irudiri jarri ahal dizkio hitzak. 
  • Norberak erabakitzen du zertaz idatzi. Urtaroaz, argazkiaz, argazkiak sentiarazten dionaz...
  • Gehienez 100 hitzeko testuak izan behar dute.
  • Aipatu egin behar da zein argazkiri jarri zaizkion hitzak. 
  • Abenduak 16 izango da testuak bidaltzeko azken eguna, honako helbidera: lehiaketakuztarria@gmail.com.

Hitzen lehiaketako epaimahaia Anartz Izagirrek, Alaitz Olaizolak eta Izaro Zinkunegi Kultur Mahaiko teknikariak osatuko dute. 

Epaimahaiek aukeratutako argazkiekin eta testuekin 2017ko egutegia kaleratuko du Uztarria Komunikazio Taldeak.