Ehunka herritarren babesean aurkeztu dute Miren Odriozolaren borrokak jasotzen dituen liburua

Uztarria.eus 2016ko aza. 26a, 14:25

Miren Odriozolak (Azpeitia, 1944) barrenean gordeta zituen bizipenak eta borrokak paperean jasota daude dagoeneko. Leire Ibargurenek (Azpeitia, 1979) egin du hori posible, ia hiru urteko lanaren ostean. Laura esaten zioten du izena Miren Odriozolaren bizitza ardatz duen liburuak, eta gaur, azaroak 26, aurkeztu dute Sanagustin kulturgunean. Leire Ibargurenek, Miren Odriozolak eta liburua argitaratu duen Txalaparta argitaletxeko editore Mikel Sotok aurkeztu dute lana, ekitaldira bertaratu diren ehunka herritarren babesean. Ekitaldiari musika eta poesia jartzeaz, berriz, Onintza Valverde eta Jose Luis Otamendi arduratu dira.

Mikel Sotok Leire Ibargurenen lana eta "jarrera ausarta" nabarmendu ditu: "Txalapartari ez zaizkio ideiak falta, guri egiteko eskuak falta zaizkigu, eta Leirek ideiak aurrera eramateko eskuak eman dizkigu. Gainera, ez da erraza Leirek egin duena egitea. Ausardi asko behar da istorio bat idatzi egin behar dela esateko, eta epe baten buruan idazteko". 

Bestalde, eskerrak eman dizkie Miren Odriozolari eta Leire Ibargureni Txalaparta argitaletxera jotzeagatik, eta Txalapartaren lanaren zati handi bat Euskal Herriko militanteei, kolektiboei, familiei eta elkarteei euren istorioak kontatzeko konbentzitzea dela esan du. Horregatik eskerrak eman dizkie Odriozolak bere istorioa kontatzea lortu duten guztiei. 

Laura esaten zioten liburua Txalaparta argitaletxeak eta Emaginek elkarlanean argitaratu dute, eta "emakume batek bakarrik" egin zezakeen liburua dela azpimarratu du Sotok: "Gerra fronteetan emakumeek borroka kolektiboari egin zioten ekarpena ez da jasotzen, baina liburu honetan jasotzen da, eta hori egiten edonork ez luke asmatuko. Askapen prozesuetan emakumeak subjektu eta protagonista direla ez dugu ahaztu behar".

Urteetako lanaren fruitua

Miren Odriozola nor den eta bere borrokak zein izan diren herritarrei ezagutaraztea zen Leire Ibargurenek lortu nahi zuena, Odriozolak urteetan zehar egindako lana aitortzearekin batera. Horrez gain, gatazka egoeretan emakumeak subjektu bezala irudikatzea lortu nahi zuen. Horretarako ia hiru urte eman ditu Laura esaten zioten liburua idazten.

2014an El Salvadorrera bidaiatu zuen Ibargurenek, han Odriozolarekin gerran ibilitako hainbat lagun elkarrizketatzeko. Guztira 23 elkarrizketa inguru egin zituen idazleak, eta adierazpenak jasotzea oso hunkigarria izan zela adierazi du Ibargurenek: "Gerraren gordintasunaz gain, internazionalisten harremanak elkartasunean oinarritzen zirela ikusi genuen".

2007an, herrigintzaren eta feminismoaren gaineko lantaldeetan ezagutu zuten elkar Miren Odriozolak eta Leire Ibargurenek. Ordurako Ibargurenek bazekien Odriozola El Salvadorko gerran ibilia zela osasungintzaren arloan, eta baita Pakito Arriaranen bikotekide izan zela ere. Garai haietan, gainera, Odriozola Udalbiltza auzian auziperatuta zegoen, eta Ibargurenek azaldu duenez, hari horretatik tiraka jakin zuen Francoren garaian Odriozolak espetxea ezagutu zuela. Horrela, Miren Odriozolaren kontakizunen berri izaten, piztu zitzaion Ibargureni haren bizitzaren inguruko liburua idazteko grina.

Laura esaten zioten El Salvadorreko gertakizunetan oinarritzen bada ere, irakurlea Euskal Herrira begira ere jarriko dela aurreratu du Ibargurenek. Izan ere, kapitulu bakoitzaren amaieran Euskal Herriari keinu egiten dion gertakizunen bat jaso du idazleak.

Bizipen gogorrak bezain ederrak

Miren Odriozolak adierazi du "lotsatuta, pixkat biluzik (horrenbeste istorio kontatu izanagatik) eta gustura" sentitzen dela, eta eskerrak eman dizkio Leire Ibarguneri "izandako pazientzia guztiagatik".

Idazlearen proposamena jaso zuenen, Ibargurenek esandako bi gauzek zer pentsatua eman zioten Odriozolari: "Lehenengoa, nik bizitako esperientzia jendearekin partekatzea interesgarria izan zitekeela; eta bigarrena, emakumeen esperientziak liburuan gutxitan jasotzen direla". Horrek konbentzitu zuen liburuaren protagonista bere bizipenak kontatzeko.

Odriozolak El Salvadorrera joan zeneko hainbat pasadizo kontatu ditu liburuaren aurkezpenean, eta garai haietako osasungintzaz, gerraren gordinaz, lanetan sexu generoak jokatzen zuen paperaz eta elkartasunaz mintzatu da, besteak beste.

Horrez gain, internazionalismoa izan du hizpide Odriozolak: "Herrien arteko elkartasuna eta xamurtasuna da internazionalismoa. Askotan esan izan zidaten euskal herritarrok gure zilborrari begira gaudela beti. Baina hori ez da egia. Leku askotan lagundu izan dugu, eta euskaldun askok bizia utzi dute horretan". El Salvadorreko gerran, guztira 150 internazionalista baino gehiago hil zirela gogoratu du azpeitiarrak. 

Liburuak eskuragarri

Laura esaten zioten liburua astelehenetik aurrera salgai egongo da Orkatz Kultur Elkartean eta Uztarriako erredakzioan (Perez Arregi plaza, 1).