Lapatx ixtea "oso albiste ona" dela esan du Azpeitiko EAJk

Uztarria.eus 2016ko aza. 22a, 14:24
Lapatx zabortegiko irudia.

Talde jeltzaleak gogorarazi du "udalbatzaren osoko bilkura batean denok aho batez hartutako erabaki bat betetzea" dela.

Joan den astean eman zuten Azpeitiko Udalak eta Urola Erdiko Mankomunitateak Lapatx zabortegiaren itxieraren berri. Azpeitiko EAJk erabakiaren gaineko balorazioa egin du, eta "oso albiste ona" dela azpimarratu du, eta "udalbatzaren osoko bilkura batean, denok aho batez hartutako erabaki bat betetzen" dela gogoratu dute jeltzaleek.

Aitor Gorrotxategi EAJko bozeramaileak adierazi duenez, "itxiera horrek lehenago etorri behar zuen, eta Gipuzkoa osoko hondakinen tratamendu integralerako foru-arauan aurreikusita dauden azpiegitura berriak jartzearekin koordinatuta egon beharko zukeen". Baina hori "horrela izan ez" dela esan du, eta azpimarratu du, orain Gipuzkoako Foru Aldundian lanean diharduen talde berriari dagokiola Gipuzkoako Hiri Hondakinen Plangintza Integralaren foru-araua betetzea. "Konpromiso horrekin aurkeztu zen EAJ hauteskundeetara, eta irabazi egin zituen. Eta konpromisoak bete egiten dira. Horrela, egunero edukiontzietan isurtzen ditugun zaborrak beste lurralde batzuetara eramateari utziko diogu", adierazi du Gorrotxategik.

Horrez gain, EAJren Azpeitiko bozeramaileak gogora ekarri du "Europako lurralde aurreratuenetan bezala, etorkizunean hondakin gutxiago sortu, sortzen duguna birziklatu eta gehiago eta hobeto bereiztu" behar dela.

Azkenik, gaur egungo Udal gobernuari "pilak jartzeko" eskatu dio, baita "hondakinen bilketarako orain dela lau urte, hori ere aho batez, onartu zen sistema berria behingoz martxan ipintzeko" ere.