Martxan da 'Pasaiako Badia' dokumentala finantzatzeko crowdfunding kanpaina

Uztarria.eus 2016ko aza. 12a, 16:38
Kanpainaren aurkezpena, Iruñeko Katakrak liburudendan. (Oinatzak Produkzioak)

Gaur abiatu dute dirua biltzeko kanpaina Oinatzak Produkzioak taldeko kideek. 8.000 euro lortzea da helburua, orain arte sortutako gastuen zati bati aurre egiteko eta aurrera begira dituzten erronkak finantzatzeko. Dokumentala 2017ko udazkenean kaleratzea aurreikusten dute egileek. 

Pasaiako Badia dokumentala finantzatzeko crowdfunding kanpaina martxan da. Gaur, azaroak 12, aurkeztu dute dirua biltzeko kanpaina Oinatzak Podukzioakeko Yuri Agirre, Xabier Otamendi eta Erik Aznal azpeitiarrek. Horiez gain, bertan izan dira Pasaiako segadan hildakoen senideak. 

Abiatu duten crowdfundingaren helburua da 8.000 euro biltzea, orain arte sortutako gastuen zati bati aurre egiteko eta aurrera begira dituzten erronkak finantzatzeko. Proiektua diruz lagundu nahi dutenek www.vkm.is/pasaiakobadia webgunean egin beharko dituzte ekarpenak, abenduaren 21era arte. Kanpainan parte hartzen dutenek dokumentalaren DVDen, posterren, produktu ekologikoz osatutako otarreen nahiz asteburu pasa baten zozketan hartuko dute parte. 

Joan den martxoan aurkeztu zuten dokumentala, eta maiatzean hasi ziren grabaketa lanekin. Gaur aurkeztu dute ikus-entzunezkoaren bigarren teasera

1984ko martxoaren 22an Pasaian jazotako gertaerak ditu oinarri Pasaiako Badia dokumentalak. Egun hartan poliziak Dionisio Aizpuru Kurro, Pedro Mari Isart Pelitxo, Rafael Delas Txapas eta Jose Maria Izura Pelu hil zituen, eta gertaera hori da dokumentalaren oinarria. Maiatzean hasi ziren grabaketekin, eta orduz geroztik hildakoen senideak, Rosa Jimeno eta Joseba Merino testigu zuzenak nahiz pasaiako herritarrak, Santiago Gonzalez eta Miguel Castels abokatuak, Carlos Garaikoetxea lehendakari ohia edota Enrique Villareal El Drogas elkarrizketatu dituzte.   

"Dokumental hunkigarria"

Yuri Agirrek adierazi duenez, "Carlos Garaikoetxea lehendakari ohiak elkarrizketan adierazi zigunez, garai hartako gertaera gogorrena edo gogorrenetariko bat izan zen. Miguel Castels abokatuak Franko hil ondorengo estatu krimenik latzena bezala ere deskribatu izan du".

Orain arte grabatutakoarekin, "dokumental latz, gogor, intimo eta hunkigarria" egingo dutelakoan daude ikus-entzunezkoaren egileak. Hala azaldu du Xabier Otamendik:" badakigu elkarrizketatuetako askorentzat gogorra izan dela euren bizipenak kamera aurrera eramatea, gordeta zituzten amesgaiztoak mahai gaineratzea suposatu baitu. Geu ere bihotza uzkurtuta itzuli izan gara elkarrizketetatik". Horrez gain, azpimarratu du proiektua abiatu zutenean hartu zuten ardura "biderkatzen" joan dela proiektua osatzen joan diren heinean.

Aurrera begirako asmoak

Datozen hilabeteetan Pako Etxeberria mediku forentsea eta giza eskubideen inguruko aditu baten adierazpenak jasoko dituzte. Horrez gain, Pasaiako segadaren garaiko Espainiako Gobernuko kide zirenak elkarrizketatzen saiatuko direla ere aurreratu dute. Erik Aznalek esan duenez, "edizioa, soinua, diseinu grafikoa, itzulpenak eta azpitituluak, irudi eta soinu posprodukzioa eta hedapen lanak egiteko ditugu".

Dokumentala 2017ko udazkenean estreinatuko dutela aurreratu dute, eta ikus-entzunezko lana "Euskal Herriko txoko guztietara nahiz nazioartera" zabaldu nahi dutela azpimarratu du Erik Azlanek. 

Crowdfunding kanpainak irauten duen bitartean kasuarekin lotutako erakusketak jarriko dituzte Euskal Herriko gune desberdinetan. "Oraingoz, Pasai Donibane, Eibar, Errenteria, Azkoitia eta Txantrea ditugu baieztatuta. Sare sozialetan nahiz komunikabide lokaletan argitaratuko ditugu erakusketen data zehatzak. Baita baieztatzeko ditugunak ere", azaldu du Aznalek.

Pello Aizpuruk, Dionisio Aizpururen anaiak, "eskerrak" eman dizkie dokumentala posible egiten ari diren guztiei. "Askotan senideon gain egoten da egia, justizia eta erreparazioaren aldeko lana. Gu geure aletxoa jartzeko prest bagaude ere, uste dugu gizarte osoaren ardura direla bai memoria izatea bai eta Pasaiakoa edota antzeko kasuak argitzea ere", esan du Aizpuruk, eta Pasaian hildakoen senideen izenean herritar guztiei crowdfunding kanpainan euren ekarpena egiteko eskatu die.