Euskal Antzerki Topaketak 2016

Iritsi da eskola antzerkiaren txanda

Uztarria.eus 2016ko aza. 7a, 13:06

Gaur, astelehena, hasi dira XXXIV. Euskal Antzerki Topaketen baitako eskola antzerkiaren emanaldiak, Soreasu antzokian. Gaurkoan Bermeoko Sagrado Corazon ikastetxeko ikasleak izan dira oholtza gainera igo direnak, eta bi obra eskaini dituzte 11:00etan hasita, Peter Pan eta Ederra eta piztia. Ikusleak, berriz, herriko hiru ikastetxeetako LH3, LH4 eta LH5eko ehunka ikasle izan dira.

Datozen egunetan ere eskola antzerkiaz gozatzeko aukera izango dute Azpeitiko Ikastola Ikasberriko, Iraurgi Ikastetxeko eta Karmelo Etxegarai Ikastolako ikasleek.  Bihar, hilak 8, hiru antzezlan izango dira ikusgai Kukuka antzerki eskolaren eskutik: Bihotz gazteen iraultza, Dantza garaikidea, eta Ikusi den antzezlan onena. Asteazkenean, berriz, Ikasberri ikastolako ikasleak igoko dira oholtzara, Orioko ikastolako ikasleekin batera. Orduan ere bi antzezlan eskainiko dituzte 11:00etan hasita, Iñauteriak eta Serafina on line, hain zuzen.