Kultura sustatzeko hitzarmena sinatu dute Udalak eta Alemaniako Enbaxadak

Uztarria.eus 2016ko urr. 31a, 11:53

Peter Platte Alemaniako Kultura aholkulariak herriko ondarea ezagutu ostean kultura sustatzeko hitzarmena lantzen hasi ziren bi erakundeak. Aurreneko pauso bezala Ensemble Convivencia talde alemaniarrak kontzertua eskainiko du Sanagustinen, ostegunean.

Azpeitiko Udalak eta Alemaniako enbaxadak hitzarmena sinatu dute kultura sustatzeko. Duela aste batzuk Peter Platte Alemaniako Kultura aholkulariak Azpeitia bisitatu zuen, eta, besteak beste, Eneko Etxeberria alkatearekin bildu zen. Ordura arte Plattek ez zuen Azpeitia ezagutzen, eta herriko ondarea ezagutu ostean, kultura sustatzeko hitzarmenana lantzen hasi ziren bi erakundeak.

Hitzarmen horren aurreneko pauso bezala, datorren ostegunean, azaroaren 3an, Ensemble Convivencia Alemaniako taldeak kontzertua eskainiko du Sanagustin kulturgunean.