Maider Gaztañaga eta Mitxel Cuadrado ordiziarrentzat izan da Azpeitiko VII. Kros Mistoa

Uztarria.eus 2016ko urr. 29a, 22:54

87 bikotek hartu dute parte Ikasberri Kirol Elkarteak antolatutako Azpeitiko Herriarteko VII. Kros Mistoan eta garaikur nagusiak Ordiziara joan dira, Maider Gaztañagaren eta Mitxel Cuadradoren eskutik; 0:23:25ean osatu dute irabazleek 6,2 kilometroko ibilbidea. Bigarren postua Javier Delgado irundarrarentzat eta Alejandra Arribas iruindarrarentzat izan da (0:23:56), eta hirugarren sailkatu dira Zizurkilgo Lourdes Colomo eta Jose Luis Arrate (0:24:22). Podiuma osatu duten hiru bikote horiekin batera igo dira saria jasotzera Igor Uranga eta Maider Korta ere; Azpeitiko lehendabiziko bikotea izan dira sailkapenean, 7. postua bereganatuta (0:26:40). Gaurko lasterketaren sailkapen osoa Herrikrosa.eus webgunean ikus daiteke.

Azpeitikoa aurten abian jarritako Urola Kostako Kros Mistoen I. Txapelketaren aurreneko lasterketa izan da. Txapelketa berriak Errezilen izango du hurrengo hitzordua, azaroaren 20an; eta abenduaren 4an bukatuko da, Zarauzko kros mistoarekin.