Orioko Kepa harategiak irabazi du Libre Ardo Eguneko txorizo egosi lehiaketa

Uztarria.eus 2016ko urr. 29a, 17:11

Libre Ardo Dastaketa Egunak festa giroa ekarri du Azpeitiko plazara. Eguzki epela lagun, jende asko elkartu da plazaren bueltako arkupeetan postuak jarri dituzten 23 upategietako edariak eta txorizo, hirugiharra, gazta eta bestelakoen pintxoak dastatzera. Tartean, mahats zapalketa ere izan da kioskoaren aurrekaldean.

Kioskoan bertan, berriz, egon da Euskal Herriko IV. Txorizo Egosi Lehiaketaren erdigunea. 30 harategik hartu dute parte aurtengo edizioan eta lehen saria Orioko Kepa harategiak irabazi du; iaz bigarren saria lortu zuen Kepak. Urola Kostan gelditu da bigarren saria ere, Zestoako Uzkudunek jaso baitu. Eta podiuma Altsasuko Aldasoro harategiak osatu du, hirugarren sariarekin. Laugarrena izan da aurten 2015eko irabazlea, Azpeitiko Odriozola; eta txapelketako bosgarren eta azken saria Ibarrako Joakin harategiak eskuratu du.