Ioritz Hidalgo azpeitiarra bigarren sailkatu da Eu-xcel programan

Uztarria.eus | Ekonomia
2016ko urr. 28a, 13:30

Europako ekintzaile gazteei zuzendutako programa da Eu-xcel. Guztira 500 pertsonak aurkeztu zuten euren lana Eu-xcel proiektura, eta azpeitiarraren Drive Brands lana gelditu da bigarren postuan. 

Ioritz Hidalgo, Eu-xcel programako bigarren saria jasotzen.  Ikusi haundiago | Argazki originala

Ioritz Hidalgok (Azpeitia, 1996) bigarren postua eskuratu du Europako gazte ekintzaileei zuzendutako Eu-xcel programan. Egitasmoaren helburua da ekintzaile gazteei lan arloko ateak zabaltzea eta enpresa espiritua Europako gazteen artean sustatzea.

Eu-xcel programan sartzeko, aurrenik sarrera proba bat pasatu behar dute parte-hartzaileek. 500 pertsona baino gehiagok eman zuten izena, eta horietatik batzuk soilik aukeratu zituzten hurrengo faserako. Ioritz Hidalgok azaldu duenez, "izugarrizko sorpresa" izan zen. "22 urtetik aurrerako gazteei zuzenduta dago programa eta nik 19 urte ditut. Lanerako dudan gogoagatik eta ditudan negozio ikuspuntuengatik hartu ninduten", azaldu du Hidalgok.

Parte-hartzaileek hainbat proiektu garatu behar izan dituzte egitasmoan zehar, eta azken fasean Startup bat sortu zuten. Udan Atenasen egindako egonaldian Drive Brands lana gorpuztu zuten Ioritz Hidalgok eta bere taldeak, eta hori izan zen Eu-xcel proiektuaren azken fasera aurkeztu zutena. 

Azpeitiarrak azaldu duenez, kotxea egunero erabiltzen duten pertsonei dirua irabazten laguntzen diete: "Alde batetik, autoa erabiltzen duten norbanakoak gure plataforman sartu eta izena ematen dute. Bestalde, enpresak daude, eta horiek ere gure plataforman izena ematen dute. Ondoren, guk enpresa horien irudia jartzen diegu norbanakoen kotxeei.  egin beharreko bakarra kotxea gidatzea da. Hilero diru kantitate bat jasotzen dute enpresen pegatinak eramateagatik".  

Irailean Startupeko 14 onenen artean sartu ostean, Munichera joan zen Ioritz Hidalgo bere taldearekin. Han, hainbat inbertsoren aurrean aurkezpen bat egin zuten. Orduan jakin zuten bigarren saria eskuratu zutela, 3.000 euro, hain zuzen. Horrez gain, hainbat inbertsore ezagutu zituztela azaldu du Hidalgok: " Orain Munichen ezagututako bi-hiru inbertsore dauzkagu atzetik. Oso esperientzia ederra izan da."

50 ekintzaile onenen artean

Eu-xcel proiektua amaitu bada ere, beste proiektu bat du esku artean azpeitiarrak. Izan ere, EOIk (Espainiako Organizazio Industrialeko Eskola) 50 ekintzaile onenen artean sailkatu du Ioritz Hidalgo. Horri esker beka bat jaso du, eta bi aste barru Geelera (Belgica) doa ekintzaile gaztea, Drive Brands aurkeztera.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu